Ihes egiteko premia (eza)
Badira garaiak non denok garen apur bat iheslari: geure buruari ihes egin nahian ibiltzen gara sarritan. Barne diskurtsoa elikatzen dugu: askatasuna leku paregabeetan aurkituko dugula, izan ohikoarekin apurtuko duen asteburuan, izan egunerokotasunaren zama une batez desagerraraziko duen egitasmoren batean. Kanpoan, urrun, beti zerbait hobea dagoelakoaren konbentzimendua izan ohi dugu maiz.
Azken egunotan, ordea, ihesaldi horiei begira jarri naiz, eta ohartu naiz nekagarria dela beti errealitatearen ihesi ibiltzea, aldiro izkin egitea, zerbaiten zain bizitzea. Eta, konturatu orduko, pixkanaka, zarata handirik gabe, egunerokotasunean bertan aurkitu dut oreka, lehen ikusten ez nuen arren; orain niretzat zoriontasunaren ideia abstraktua bera baino askoz ere garrantzitsuagoa bilakatu dena.
Zer nolako bakea ematen duen norbera bere eguneroko martxarekin gustora egoteak. Horrek baretzen ditu aspaldi neurrigabeak eta asegaitzak ziren hutsuneak. Sentsazio hori da nolabait betetzen nauena. Gauzak ez dira ezin hobeak akaso, baina bai nahikoak.
Kontua gutxiagorekin nahikoa izatean omen datza. Agian aldatu direnak gure barneko premiak dira: antzina ezinbesteko ziruditen egitura eta asmo handi guzti horiek gabe ere, norbera zutik mantentzen dela ohartzean, finean, munduan gure lekua aurkitzeko horrenbeste behar ez dugula bistaratzean.
Gauzak ez dira idilikoak, jakina. Gezurra litzateke bizitza orain garden eta erraz ikusten dudala ikusarazteak. Eskuin muturraren gorakadak, Palestina (jada duela hiru urtetik) jasaten ari den egoerak eta etxebizitzaren arazoak, besteak beste, arduratzen naute.
Ez dut autobusean igarotzen ditudan ordu luzeak erromantizatzeko asmorik ere. Baina, aldi berean, badu zerbait salbatzailea sinesten duzun proiektu batean parte hartzeak, are gehiago bidelagun onekin egitean.
Arratsaldeko zazpiak dira. Iluntzen hasia dago eguna. Lineako autobusetik jaitsi berri naiz. Berez, etxerako bidea hartzea litzateke helduena: afaria prestatu, dutxa bat hartu eta biharamunera arte atsedena hartzea, nekatuta nagoelako batik bat. Baina gaur ez. Osteguna da. Horren ordez, pintxo-potera joatea erabaki dut. Zubi Zaharreko eskaileretan eseri gara. Ez dago elkarrizketa sakonik. Kuadrillakoekin astea nola garatu den partekatu, eta, konturatu orduko, gaueko bederatzi t’erdiak dira.
Garai batean banala edo errepikakorra iruditzen zitzaidan plana. Baina hara non, erlojuaren orratzak aurrera doazen bitartean, jabetzen naizen zer nolako ezinbestekoa den elkarrengandik gertu egotea. Harremantzea. Besterik gabe, zure lagunen ondoan egotea. Orain badakit: elkarren beharra dugu. Ez dugu ezer gehiago behar bizirik sentitzeko; nahikoa dugu elkarrekin egotea, elkar begiratzea.
Zoriontasunak definizio borobil bat baldin badu, agian ezkutuko xehetasun xume horretan dago: ohartzean une hori bera nahikoa dela. Seguru nago zoriontasuna iluntze batez Zubi Zaharreko harri hotzen gainean eseri eta ihes egiteko premiarik ez izatean datzala.