Irakurketa bakarra
Informazioa jasotzeko zailtasunak ditugu. Informazio asko, ugari, inoiz baino gehiago jasotzen dugu, baina zailtasunak ere asko dira jasotzen dugun hori ausnartzeko. Garai baten, informazio gutxi eta ia dena alde bakarrekoa zenez, maneiatzeko samurtasun gehiago zegoen. Hedabideen indarra handia da, eta bere menpean gaudenok arriskuan jartzen gaitu, eta bere ondorioak ez dira nolanahikoak.
Ondorio garrantzitsu bat, gizartean bi kolore nagusi nabarmentzea da: zuria edo beltza; beste koloreak ia desagertzea lortuz. Jasotzen dugun informazioaren arabera, gehienetan, beltzean edo zurian mugitzen gara; gure begiko izan edo ez izan. Beste koloreak ez dira, ia, existitzen. Ondorioak oso ezkorrak izan daitezke. Informazio okerra baldin bada, kalte larriak sortzen ditu, eta guri galbahe lana egitea tokatzen zaigu. Baina, zoritxarrez, ez da ohikoa lan hori egitea. Informazioa, gure aldekoa baldin bada, ez gara gehiegi saiatuko informazio zuzenaren bilaketan.
Ondorioak eguneroko bizitzan, ezagutzen ditugu. Ez da harrigarria izaten geure elkarbizitzan eztabaida beroak izatea, bakoitzak, itxu-itxuan, berea defenditzen. Bestearena ez da ia batere entzuten eta eztabaidatzen. Bakoitzak, bere informazioaren arabera, beria defenditzen du, kontuan hartu barik daukan informazio hori zuzena den edo ez. Horregatik,beti ez bada ere, gehienetan, gure solasaldiek oso gutxi balio dute egia argitzeko bidean. Bide egokia, beharrezkoa, iturri desberdinetako informazioa jasotzea da. Hau egiten ez badugu, ziur daiteke gure informazioak hutsune asko izango dituela. Eta, zoritxarrez, hau gertatzen da, kasu gehienetan. Ohi denez, geure aldeko prentsa bakarrik irakurtzen dugu, eta, ondorioz, beste aldekoa ez jakitean, egia non dagoen jakin gabe gelditzen gara. Horregatik, gure txoko, jatetxe edo edonolako tokiko eztabaidak baliogabe edo balio gutxikoak izaten dira. Bakoitza bere «egiarekin» gelditzen da, aurrera pausorik eman gabe. Kolore zuriak eta beltzak nagusi izaten jarraitzen dute. Eta kolore beltza gailentzen bada, ondorio larriak izaten ditu. Beltzak morbo gehiago izaten du eta bere aldeko joera nagusitzen da gehienetan.
Hedabide nagusietan ere, albiste ezkorrak dira nagusi eta, sarritan, ez jakiteko gogoa sentitzen dugu. Garai bateko herritarren lasaitasunak gaurko ezegonkorrera eman du urratsa eta nahita-ez, onartu beharra dago. Bizitza, aldaketei lotuta dago eta une oro egokitu behar gara unean uneko egoerara. Eztabaidak, aldaketak bezala, behar-beharrezkoak dira, baina egokiak izateko besteen informazio eta ideiak ere kontuan hartu behar ditugu, eta ez gelditu geureaz bakarrik, egiaz jabetzeko edo gutxienez beregana urbiltzeko. Horretarako, gure ohiturak aldatu behar ditugu, eta ikasi «iturri» desberdinetatik edaten, ahaztu barik, «iturri» askotatik «ur kutsatua» dariola.