"Ja ho farem. I si no tenim temps, buscarem l’ocassió"
Momentu bat, momentu txiki bat. Ura eskuetan eutsi nahia, aurpegira eraman, burua altxatu eta norbere silueta parean. Hau bizitzen ari gara? Eskuoihala azala lehortzen sentitu. Arnasa hartu eta beste zerbaitera.
Etorkizun bakartzat marrazten zen distopia hemen dago, etorri da. Eta zer diote telesailek? Hobe esanda, hemen egon da azken hamarkadetan, eraiki dugu azken hamarkadetan, kapitalismo globala da. Desegin, merkantilizatu (ordaindu ahal duenarentzat) eta pribatizatu (ordaindu ezin duenarentzat) besterik egin ez den orainalditik, osasun krisi betean, babestu nahian gaude. Desegin, merkantilizatu eta pribatizatu besterik egin nahi ez duen sistema batean bizirik mantendu nahian gaude. Ez da (guztiz) berria azaleratzen dena. Garen hori atera du hein batean.
Hau ez dadila izan etorri garen noraez horretan sakontzeko aukera. Erreprodukzio sozialaz aritu beharra daukagu
Ez da berria azken hamarkada hauetako gure mundu ordenua, gutxi batzuen aberastasun metaketa gehiengoaren ongi izatearen gainetik jartzen duen mundu ordenu hau. Zentzugabeena izanik ere, bizitza posible egiten duten lanak alboratzen, desegiten eta husten dituena. Osasun sistemak desegiten dituena, erresidentziak eta zaintza lanak alboratu, heriotza eta gerra (batzuk) nahiz gaixotasunak (batzuenak) etekingarri egiten dituena. Bizitzaren zaurgarritasuna bera ez da berria, gaixoak, zaindu beharrak eta lanak betidanik egon izan dira (nork bete izan ditu?). Prekarietatearen ito sentsazio hori bera berria ez den bezala. Ziurgabetasuna aberastasun iturri den garaietan prekarietatea da nagusi. Pribatizatzen dira ura, lurra eta argia, etxebizitza luxu bihurtzeraino igo. Eta etxean geratzea ez da denentzat berdina, gaixotasunaren aurrean babesteko aukerak berdinak ez diren bezala. Enplegua desegin da, azpikontratatu instituzio eta funtzioak, urrutiratu eskumenak eta mugak (ber)ezarri dira kendu nahi genituen lekuetan.
Munduak ez zuen B planik, eta guk ez ditugu bi bizitza. Hau ez dadila izan etorri garen noraez horretan sakontzeko aukera. Erreprodukzio sozialaz aritu beharra daukagu. Behar ditugu Osasun sistema publiko indartsuak, pentsio duinak, lanak banatu eta errenta unibertsal duinak lortu, herria egin, etxebizitza eskubidea errealitate bilakatu, zaintza lanak duin eraiki, banatu eta zentrora ekarri, oinarrizko behar eta ongi izateaz (bizitza duinaz) hitz egin, elikadura burujabetza gorpuztu, instituzioak demokratizatu… gauza asko ditugu egiteke. Berreskuratuko dugu, baina ez ezagutu dugun hori. Berreskuratu dezagun beste zerbait.
Dendarako ilaran ipiniaz, bai, hau bizitzen ari gara, baina bizi proiektu bat dugu obeditzeaz harago. Atera kontuak, alternatibarik ez omen dagoen mundu ordenu baten lehen belaunaldikoa naiz…