'Je te laisserai des mots'
Karpeta urdineko apunte artean topau eban bere erreferente Txillardegik idatziriko Leturiaren egunkari ezkutua obra leidu ostean nahiko eskas marrazturiko erretratu ha: mutil gazte bat –Leturia bera, adibidez– parkean agertzen zan, bere patuaz galdezka, liburu bat eskutan, banku baten jarririk. Egia esan, urteak ziran Europako Parkera sartzen ez zala. Umezaroan, barrabaskeriak egiteko baino ez zan hurreratzen; orduz geroztik, ez eban egundo zapaldu. Pentsau eta egin.
Eremua biltzen daben burdinazko hesia igarota, komuna publikoen ataritik pasau eta gizon heldu bat ikusi eban atetik urtetan, bragetako kremailerea zarratu guran, pauso narrasez; goiko landan, gaztetxuak bedartzan etzanda egozan, institutuko atsedenaldia profitatuaz. Unedatxu bat hartu eban parkeaz harago egozan komentuko beirateak begiztatzeko; bapatean, monja bat pasau zan kristalaren paretik eta atoan desagertu. Korridorean barrena prisaz ebilela begitandu jakon. Supituki, kanpai-hotsak aditu zituan.
Koaderno zaharreko apunte artean topau eban tolesturiko orrialde bat, Je te laisserai des mots esaldia ekarrena. Berbak lagako deutsudaz. Berak baekian noz eta zergatik idatzi eban ha. Urrunera begiratu eban. Kanpaiak jo eta jo egozan oraindino. Urmaelera bihurgunetu eban begiradea. Adineko bikote bat banku orlegi baten jesarrita egoan, ahateei ogi-papurrak emoten. Tarteka-marteka, zeozer esaten eutson batak besteari eta, gero, ahateen oturuntzea isiltasunak hartzen eban. Uraren zipriztin-soinua eta hasperenen katarsi-sentimena bat egiten ziran.
Animalia kuriosoak dira ahateak. Halantxe iruditu jakon. Jan-edana zein klima egokia baino ez dabe behar. Premisotako baten bat faltau ezkero, ortzian V itxurea hartu eta beste toki egokiago batera joaten dira. Baina beti bueltetan dira. Behin eta barriro aldenduta be, beti daukie itzultzeko aukerea. Antzina sartu bako parke batera bueltetea lez.
Haizeak koadernoaren orrialdea harrotu eutson, uraren ertzaren eta bidexkearen arteko belardi-zati txikiari erreparau eutsonean. Esparru birjinea begitandu jakon, inork jaramonik egiten ez eutsona, itsasertzaren eta errepidearen arteko lursailekaz pasetan dan lez. Erreskadan etorri jakozan umezaroko imajinak: bideetan, hatxen artean, oinaze sortzen eta hazten ziran lora desafiatzaile eta min hareek. Ondo ekian lurrikaratutako lepoetan be posible dala bizia ereitea. Bitartean, otarrain itxurako lazunak ahateen hondakinak lapurtu guran ebizan, uraren hondotik azalera saltoka.
Animalia kuriosoak dira otarrainak. Halantxe iruditu jakon. Errekan jaioten dira, eta euren gorputza eraldatu egiten dabe itsasora joateko. Baina euren biziari akabua emoteko, atzera aldatzen dabe izakerea eta errekara bueltau. Hiltera. Eta ez edozein errekara: jaio ziran errekasto berberera. Zur eta lur egoan naturearen mirari haregaz. Inoz aldatuko ez dala dinoan kamaleoia lez.
Ez eban ganorazko ezer idazterik erdietsi. Bere burua Txillardegiren Leturia lez ikusi eban, une batez: banku baten bakarrik, bere patuaz galdezka, koaderno zahar bat eskutan. Zirriborroz beteriko orrialde tximurra kaieratik erauzi eta txintxeta bategaz bankuaren azpian lotuta laga eban. Luze egin jakon kotxerako bidea. Ez jakozan beharrezko esaldiak bururatzen. Ez zan gauza aditz egokiakaz joteko. Ez jakon berbaren bat iradokiko eutson imajinarik okurritzen. Ezin eban blokeo ha gainditu.
Kotxean, hirugarren martxea sartua eukan musika-erreproduzitzailea piztu ebanerako. Bere barruko parke orotako urmael danek ganezka egin eutsen, han, hondoan, piano-hots ha aditu ebanean. Malkotan egoan. Topau eban. Je te laisserai des mots. Berbak lagako deutsudaz.