Justizia Soziolinguistikoa
Espainiako inperialismo linguistikotik «Euskaldunei beren bizitza pertsonalean eta publikoan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzea», gaur eta beti, helburu «akastun» eta «pentsaezina» dela diote: lortezina (DV eta EC, 2026-07-27). Izan ere, horretarako, gizarte osoak elebidun beharko lukeelako eta hori, espainolismo linguistikoaren ustez, ez delako sekula gertatuko, gaur bezala, bihar eta etzi ere, izango direlako euskararik ez dakiten herritar gaztelaniadun eskubidedunak (euskara ez jakiteko eskubidea dutenak). Halaxe diote espainolismoaren supremazismotik. Hizkuntzen Europako Kartak argi uzten du, ordea, norbanakoak bere hizkuntza erabiltzeko duen askatasuna oinarrizko eskubide bat dela. Kartak bere hitzaurrean aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat bizitza publikoan nahiz pribatuan erabiltzeko eskubidea besterezina dela. Eskubide hori NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunarekin eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin lotzen du Europako Kartak.
Ukazioaren ildo horri jarraiki, espainolismo linguistikotik zera aldarrikatzen dute: eskubideak pertsonenak direla eta ez hizkuntzenak, ezta herrienak ere. Alegia, espainolismoaren arabera, Justizia Soziolinguistikoak hemen eta orain bizirik dauden pertsona errealak hartu behar ditu kontuan eskubideak esleitzeko, eta ez hizkuntzak edo herri abstraktuak. Eskubideen jabe bakarrak, zuzenbide-subjektu bakarrak, pertsonak direla azpimarratzen dute eta jartzen dute agerian. Isil-gordean uzten dute, ordea, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (Bartzelona, 1996) justizia linguistikoa lortzeko gako nagusia hizkuntza-komunitate guztien berdintasuna bermatzean jartzen duela, haien estatus politiko edo administratibotik harago. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, justizia linguistikoa ezin da indibidualki bakarrik ulertu. Pertsonalki hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea soilik da eraginkorra talde osoaren eskubide kolektiboak errespetatzen badira. Hizkuntza-eskubideak pertsonalak eta kolektiboak dira aldi berean, bi dimentsio horiek banaezinak baitira hizkuntza bat bermatzeko orduan. Nazioarteko adituek eta testuek (1996ko Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, besteak beste) defendatzen dute eskubide horien izaera duala.
Ondoren, gizartearen baitan, zuzenbide-subjektu horiek, pertsona horiek, gazteleradun elebakarrak edo gazteleradun/euskaradun elebidunak direla azpimarratzen dute espainolismo linguistikotik eta, guztiok, elkar ulertzeko, hizkuntza komuna gaztelania dugunez, oso bidegabea litzatekeela elebakarrak euskara ikastera behartzea (José María Ruiz Soroa zuzenbide katedradunaren hitzetan, (DV eta EC, 2026-07-27): «No es justa una carga tan gravosa para satisfacer un gusto emocional»). Alegia, apeta emozionala dugula euskaldunok euskaraz egiteko eta apetaldi hori asebetetzeko erdaldun elebakarrei euskara ikasaraztea zama eta zigor astunegia dela. Eta, elebakar gaixo horiek zama astun horrekin ez nekarazteko, nork egin behar dio uko bere hizkuntzari? Euskaldunok, jakina. Horretan zalantza eta erreparo izpirik ez dute espainolismo linguistikotik. Hor ez dute Justizia Soziolinguistikoren urraketarik ikusten.
Baina hori esanda, zera uzten dute tolesean: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa ere zuzenbide-subjektuak direla eta ahalmen legegilea dutela euskararen ofizialtasuna ezartzeko eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Horrela, lege bidez ezar dezakete, besteak beste, enplegu publikora sartzeko, euskara jakitea derrigorrezko eta legezko baldintza izatea, irakasleentzat, medikuentzat eta polizientzat. Hau ere, espainolismo linguistikotik gaztelaniadun elebakarrentzat aldarrikatzen duten Justizia Soziolinguistikoaren guztiz kontrakoa iruditzen zaie, izan ere, azken batean, aldarrikatzen duten Justizia Soziolinguistiko horren mozorropean euskarari bizkar emanda bizi direnentzat lortu nahi dituzten hizkuntza-pribilegioak ezkutatzen baitituzte. Hots, euskara ez jakiteagatik, abantaila, eskubide esklusibo, salbuespen edo mesede bereziak lortu nahi dituzte. Alegia, gainerako herritarrei euskaraz egiteko duten eskubideari uko egitea eskatzen diete euskararik ez dakiten medikuekin, poliziekin edota, nola ez, euskararik irakatsi ezin duten irakasleekin, herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) berdintasunean ikasteko eta erabiltzeko duten eskubidea urratuz eta ukatuz.
Gaur egungo Euskal Herrian 10 herritarretatik 9 erdalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistiko elebidunetan bizi dira. Alegia, egungo Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten du. Espainolismo linguistikotik inertzia soziolinguistiko horretaz baliatzen dira, gaztelaniaren eta euskararen arteko asimetria soziolinguistikoa areagotzeko eta Justizia Soziolinguistikoaren mozorropean gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.
Justizia Soziolinguistikoak bide bakarra du gurean: nork bere hizkuntzan eginez elkar ulertzeko arazorik ez izatea. Horretarako, euskararen ulermen pasiboa ezinbestekoa da.