Kalean eta Hautestontzietan
Udazkenari nolabaiteko erromantizismoz begiratzen diogu sarri. Hostoen kolore aldaketak, iluntzen hasten diren arratsaldeek edo Gau Beltza ospatzeko aitzakiak beste xarma bat ematen diote urtaroari. Agian horregatik barkatzen diogu ordu aldaketari arratsaldeei argia kentzea ere. Baina paisaia aldatzeak ez du esan nahi gure bizimodua aldatzen denik: hostoak erortzen diren bitartean, alokairuek gora egiten jarraitzen dute. Udazken honek, ordea, badu zer esan politikan, eta guk ere badugu zer esan haren norabideaz.
Azaroaren 11n greba orokorrera aterako gara. Ez da, ordea, hutsetik sortutako deialdia. Euskal Herrian aspalditik eta behin eta berriz salatu dugun egoera baten ondorioa da: soldatarekin hilaren amaierara iritsi ezina, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta bizitza duina izateko gero eta oztopo gehiago. Hauteskundeen atarian, gainera, grebak badu zer erakutsi: nork egiten duen herritarren eskubideen alde, eta nork jartzen dituen beste interes batzuk aurretik.
Azken asteetan, eragile eta sindikatu ugari kaleak hartzen ari dira (agerraldiak, propagandak…), etxebizitza eta soldata duinak aldarrikatzeko. Etxebizitzarako eskubidea bermatzeko borrokan ere argi geratu da emakume* askok oztopo bereziak jasaten dituztela. Prekarietateak ez gaitu denok berdin kolpatzen, eta horri ere erantzun behar diogu.
Txanponak, ordea, badu beste aldea. Batzuek etxebizitza oinarrizko eskubide bezala ulertzen dugun bitartean, beste batzuek negoziorako erabiltzen dute. Espekulazioaren eta etxebizitza turistikoen etekinak daude alde batean; alokairua ordaindu ezinik dabiltzanen kezkak, bestean. Beraz, interes horien aurrean hartzen diren jarrerek erakusten dute bakoitza non kokatzen den.
Testuinguru horretan, esanguratsuak dira Eusko Legebiltzarrean Imanol Pradalesek esandako hitzak. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko grebara deitu dutenean, sindikatuei bere gobernuaren aurka aritzea leporatu die. «Orain bai, orain etxebizitza lehentasuna da. Duela hilabete eta erdi ez al zen langile klasearentzat?», galdetu du. Galdera, ordea, berari itzuli behar zaio: etxebizitza aspalditik bada langileon kezka, non daude etxebizitza duinki eskuratzeko bermeak? Lehendakariak mobilizazioaren arrazoiak auzitan jartzen dituen bitartean, herritarrok egunero ditugu arrazoi horiek ate joka.
Zer esanik ez, azaroa agenda bete-beteko hilabetea izan ohi dela militante askorentzat. Aurten, ordea, hitzorduez harago begiratu behar dugu: jokoan dago nola bizi nahi dugun eta zer baldintzatan biziko garen. Greba orokorra publikoki auzitan jartzen duten alderdiei botoa emateak ere baditu ondorioak. Kalean aldarrikatzen dugunari hautetsontzien aurrean ere eutsi behar diogu.
Horregatik, azaroaren 11n kaleak beteko ditugu. Piketeetan egongo gara, goizez hiriburuetako deialdietara batuko gara eta arratsaldean, eskualdeko manifestazioetan parte hartuko dugu. Azaroaren 14an ere Bilboko kaleak hartuko ditugu, Euskal Herriaren defentsan, faxismoaren aurrean euste horma sendoa eraiki duen herria garela erakusteko. Azaroaren 29an, berriz, herritarrak erdigunean jartzen dituzten aukeren alde bozkatuko dugu, espekulatzaileen interesak babesten dituztenen aurrean. Gure eskubideak urratu nahi dituzten alderdi faxistei bizkarra emango diegu, eta hautetsontzietan ere herri zapalduen eskubideen alde egingo dugu.
Bizitza duinaren aldeko aldarriak hautetsontzietara ere eraman behar dugulako: kalean, eguneroko borroketan eta botoa emateko orduan ere bai.