Kanpainak
Hauteskunde kanpaina batetik bestera salto egin dugu bat-batean, mezu zurrunbilo batetik bestera. Egun hauetan behin baino gehiagotan entzun dut «zelako txarra den politikari hau berbetan», «zein zatarra den kalean ikusi dudan kartela» edo alderdi batekoak merkatura joan direla eta erridikulua egin dutela.
Unibertsitate garaian kanpaina politikoak aztertzea behin baino gehiagotan tokatu zitzaigun hainbat ikasgaitan, simulakroak egin eta sortzea ere bai. Kartelak nola egin, diskurtsoak nola diseinatu, mitinak nola eman, eskuak zelan mugitu edo etxera iristen diren gutunak nolakoak behar luketen aztertzen genuen.
Bereziki akorduan daukat behin alderdi politikoen kartelak ekarri zituela irakasleak gelara, kartelgintza aztertzeko. Lehenengo, alderdi politiko horien jarraitzaileen perfilak aztertu behar genituen, eta gero, jarraitzaile posibleenak. Ostean, karteletan agertzen ziren hainbat datu objektibo aztertu behar genituen: koloreen esanahia, begiradak, sinbologia eta abar. Eta azkenik, jarraitzaileei begira datu horiek zuzenak ziren edo ez baloratu behar genuen item desberdinen bitartez.
Lehenengo begiradan denoi begitantzen zitzaizkigun gure gustukoenak ziren alderdien kanpainak onenak. Baina datuak sartzeko ariketa egitean betaurrekoak janztera behartzen gintuzten, beste begirada bat izatera. Ariketa ahalik ondoen egiteko ezinbestekoak ziren alderdi denetako jarraitzaileen tendentziak eta gustuak ulertzea, eta horren arabera ikustea zer zen ona edo ez hain ona.
Kontua da, alderdiak baino ideologia gehiago daudela jendartean, eta, beraz, batzuei kanpaina bat gustatzeko, beste askori ez zaiela gustatu behar. Beraz, agian ez da politikari bat oso txarra edo kartel bat zatarra, besterik gabe, agian, ez da zuk bozkatuko zenukeen alderdia, eta ez dago zuri zuzenduta.
Hurrengoan zerbait «barregarria» iruditzen bazaizue pentsatu alderdi horretako jarraitzaileez, agian, «barregarriak» irudituko zaizkizue, edo nazkagarriak, edo sinpleegiak. Baina askotan –beti ez– joaten dira lotuta kanpaina eta boto emaleen tendentziak. Lantaldeak egoten dira horretarako pentsatzen, eta guztia egoten da oso neurtuta. Saiatu betaurrekoak janzten eta kanpaina bat hartzaileentzako ona den edo ez pentsatzen. Ea ni orduan beste harritzen zareten.