Koloreak ikusten ikasten
Unibertsitateko ikasgelara sartu eta hurrengoa esan zigun behin irakasle batek: bakoitzak lehenengo hiru segundutan burura etortzen zaizuen kolorea apuntatu paper batean. Orain, esan, zenbatek idatzi duzue urdina? Zenbatek berdea? Gorria? Horia?
Publizitatea ikasi nuen eta ordura arte ikusten nituen koloreek garrantzia handiagoa hartu zuten urte horietan, konturatu nintzelako, kolore batek edo beste batek esanahi desberdina izan dezakeela gure burmuinetan.
Adibidez, iragarki batean filtro kalidoa sartuz gero, hau da, laranja kolorea jarri esaterako, errazagoa izango da janari gozo bat saltzea urdina bada baino. Imaginatu horma laranja bat eta gainean txokolatezko pastel handi bat, edo fondo urdin argi bat eta pastel bera. Ba lehenengo kasuan askoz errazago salduko digute postrea, gure burmuinek gozo jatearekin lotzen dituztelako udazken koloreak. Urre koloreak, ostera, aberastasuna eta elegantzia adierazten ditu eta munduko turroirik garestiena saltzen digute kolore horrekin. Edo urdinak garbitasuna, hilekoaren kolorea ere aldatu eta konpresak saltzeraino.
Kolore bakoitza gauza desberdinerako erabiltzen da publizitatean, baina ez herrialde guztietan, koloreak ikusten ere ikasi egiten baitugu. Hau da, kulturala da zein kolore gustatzen zaigun, zein ez, bakoitza zerekin lotzen dugun eta zerekin ez.
Hori demostratzeko sekulako ikasgaia izan zen irakasle hark eman ziguna. Urdina idatzi genuenok altxatu genuen eskua lehenengo. «Zuetako zenbat zarete kostako herrietakoak?». Elkarri begiratu eta txistua tragatu, bat. Asko ginen kostaldekoak. «Berdea?» Mendialdekoak gehienak. Gorria? Bilbotarrak eta gelako ezkertiarrenak. Horia? 100 laguneko ikasgelan bakarrak jarri zuen papertxoan horia. Kostakoa zen bai, baina oriotarra… Beti zegoen idatzitakoaren atzean oso logikoa zen arrazoi kultural bat.
Antza denez, beste unibertsitate batzuetan ere egina zeukaten proba eta emaitzak oso desberdinak ziren herrialdez herrialde.
Horrekin esan nahi izan zigun koloreak ere ikasten diren zerbait direla, eta ez dela inoiz «gustatzen zaidalako, besterik gabe». Gustatzen zaiguna ere nonbait ikasi dugula, bizi-esperientziak erakutsi digula eta zerbaitengatik izaten dela. Eta ikusmena zabaldu eta ostadarrari begiratuko bagenio?