Kontraesanak eta bidelagunak
Azaroaren 25a da bihar. Emakumeonganako indarkeriaren kontrako eguna, hain zuzen ere. Garai batetan mugimendu feminista zen egun horretako aldarrien protagonista bakarra, baina azken urteetan asko aldatu da aldarri hauen iruditegia. Bihar, mugimendu feministak deitutako mobilizazioak egongo dira; mugimendu feministatik kanpo kokatzen direnen mobilizazioak ere bai; baita ere instituzioetatik zuzendutako ekimenak.
Jendartean eraso sexisten kontrako kontzientzia gero eta hedatuago dagoenik ezin dezakegu ukatu. Kontzientzia zabaltze honek, lehen kalean normalizatuta zeuden egoera asko (bultzakada, kolpe edo mespretxuak, baimenik gabeko ukitu zein musuak…), desagertu ez, baina publikoki gutxiago ikustea ekarri duela esan genezake. Baina hedatze horrekin batera, indarkeria sexistaren kontra egotea politikoki zuzena dela ulertu da, eta honek, gero eta mobilizazio jendetsuagoak egotea bultzatu du. Onartu behar dut mobilizazioetan horrenbeste jende ikusteak ilusioa egiten didala, baina, aldi berean, zerbaitek ondo enkajatzen ez duenaren sentsazioa daukat. Biharko mobilizazioetan bikotea edo bikote ohia gaizki tratatzen duten gizonak egongo dira, puteroak, baita herrian emandako eraso batengatik lagun hori seinalatu dugunean zalantzan jarri gaituztenak ere Bihar bai, bihar kalera ateratzea «merke» ateratzen delako.
Gernikan, bi mobilizazio ezberdin antolatu dira, eta honek pena ematen didala onartu behar dut. Mezu bakoitzak bere espazioa edukitzea interesgarria dela iruditzen bazait ere, uste dut, horrelako egunak ados gauden horretan bat egiteko erabili beharko genituzkeela. Sistema berdinaren kontra borrokatzen dugulako, eta berau indar gehiagorekin kolpatzeko batzuetan ezberdintasunak gainditu eta elkarrekin jotzea beharrezkoa delako, patriarkatua errotik irauli nahi badugu, behintzat.
Aste honen hasieran, Segurtasun Sailburuak indarkeria kasu larrienak sufritzen dituzten emakumeen babes pertsonalerako datorren urterako partida %25,73 jaitsi nahi dutela iragarri zuen. Adierazpen instituzional eta puntu morearekin ateratako argazkiekin datozen berdinak. Indarkeria salaketek gora egiten duten momentuan, honetara bideratutako baliabideak murriztea. Lotsagarria.
Azaroaren 25a da bihar. Mobilizatzeko eta indarkeria matxista borrokatzeko eguna. Gu gurera!