Legatua garai ilunetan
Badirudi egungo gizartea atzeraka dabilela, atzerapauso bakoitzean nekez irabazitako eskubide sozialen lorratza ezabatzen ariko balitz bezala. Balore etikoen egiturak eta kontzeptuak inoiz baino labanagoak diren garaiak bizi ditugu. Ez dago erreferente sendorik; kontzeptuak ezegonkorrak dira, eta ez dago zeri heldu, etengabeko aldaketa baita nagusi. Konpromiso kolektiboak, elkarrenganakoak, baztertu egin dira, indibidualismo neurotiko baten mesedetan. Herritartasuna ere desintegratzen doa. Lur emankorra faxismoak demokraziaren printzipioak kolokan jarriz bere intolerantzia erein dezan. Bitartean, klase menperatzaileak egokitzen doaz egoerara. Behinolako kapitalista cloudalist bihurtu da, hodeia (cloud) bihurtu baitigu tenplu berria. Klase dominatzaile berriak burgesia kapitalista klasikoa ordezkatu du. Hodeian du bere erreinua, eta haren esku uzten dugu gure salbamena, harengan jartzen dugu gure fedea. Teknofeudalismoak gure arreta erakartzea lortu du, eta jauntxo feudal berriak (hodeiaren kapitalaren jabeak) gure gurariak eta arreta fabrikatzea lortu du. Gure arretaren gaineko botere horrek ematen dio hodeiaren errenta kobratzeko aukera. Algoritmoaren menpeko, jopu, bihurtu gara gure identitatea harek modelatzen utziz. Gizakia bakartuta, isolatuta, pagotxa da sistema harrapariarentzako, bide batez ekintza kolektiboak zailtzen baitira. Etsigarria dirudi.
Lehendakariak ere, azken boladan, «garai ilunez» ohartarazi gaitu. Ez dago argi zertaz dabilen. Faxismoaren gorakadaz?, genozidio inpuneaz?, gazteen lan prekazioaz?, etxebizitzen prezio estratosferikoaz?, emakumeenganako biolentzia estrukturalaz?, euskera pairatzen ari dan jazarpen judizialaz? Zehaztapen gutxi pandemoniuma iragartzerakoan.
Denbora ilunak dira, bai, baina argi printzak ere badaude, ilusionagarriak, eredugarriak, gainera. Argi horrek fokoan jartzen du nor dan nor. Pentsiodunen borrokaren argiak dir-dir eta gizarteak dar-dar. Pentsio publikoak duintzeko kanpainak 145.142 sinadura bildu ditu urte hasieran abiatu zenetik, eta pentsio apalenak behintzat lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea da helburua. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean erregistratu du herri ekinaldi legegilea. Egingarria eta bidezkoa den eskaera destainaz hartu da parlamentuan; ezezkoa jaso du, kabriola dialektikoekin zuritu nahi izan badute ere Jaurlaritzan gobernatzen ari diren bi partiduek.
Pentsiodunok zarete zeuon ekinarekin agintekeriaren horma pitzatu duzuenok eta kontzientzia asko astindu duzuenok, esaldi labur bezain indartsu batekin: «ez dugu etsiko». Abisua eta legatua aldi berean: borrokak ez dauka iraungitze datarik.
Zorionak eta eskerrik asko pentsiodunoi.