Lehoiak ez du egunero gazela harrapatzen
National Geographiceko dokumentalek ez digute bat ere onik egin, ez horixe. Bueno natura arlo inguruko dokumentalek, sare sozialek, bideo jokoek,… pixka bat gauza guzti hauek. Ez dute laguntzen natura inguruko interesa pizten, eta are gutxiago txikiagoenei.
Ume eta gaztetxoen artean ibilbide gidatuak egiten ditudanean asko nabaritzen dut, ez diote ezerk arretarik deitzen. Gainera ez dira kapazak ingurunean gertatzen diren gauza asko hautemateko, konturatzen direnerako berandu izaten da. Landareekin gutxiago gertatzen zait, ez direlako mugitzen, hurbildu zaitezkeelako eta ukitu eta usaindu ere egin ditzakezulako.
Baina animaliekin… ez da erraza. Hurbil izan nahi dituzte ondo ikusteko, eta hori gutxi balitz askok galdetzen didate ea zergatik ihes egiten duten beraiek ukitu nahi dituztela eta. Zuek uste duzue txori bat, basurde bat edo beste edozein animalia ukitzen utziko dela? Nik beti esaten diet ez direla txakurrak edo katuak, animalia basatiak baizik.
Nik uste dut noizean behin ondo etorriko litzaigukela kalera ateratzea, pixka bat naturarekin sozializatzeko bada ere
Nik hau zergatik gertatzen denaren teoría bat badaukat, eta hori kontatzera noa:
Esan bezala, dokumentalek, sare sozialek, bideo jokoek edo beste teknologia berri askok badaukate zerikusia. Adibidez, dokumental bat ikusten zaude, eta ikusten duzu lehoiak nola harrapatu duen gazela bat, lehen planoan, zoomarekin eta bertan, gainera, ikusten da letagina nola sartu dion gazelari azalean, dena detaile guztiz.
Orain, nire galdera: badakizu zenbat denbora behar izan duen kamerak momentu hori grabatzeko? Zenbat ordu pasatuko zituen sabanan zehar gora eta behera? Barkatu zenbat ordu ez, zenbat egun, edo zenbat hilabete. Baina, noski, guk 10 segundo ikusi ditugu, orduan uste dugu behin eta berriz ari dela hori gertatzen, hau da, zerbait normala dela.
Ume eta gaztetxoekin noanean horrelako zerbait gertatzen zait, ez bada zerbait “apartekoa” gertatzen gure muturren aurrean, ez dela ezer pasa dirudi.
Eta hala da, normalean ez da “ezer” pasatzen, “aparteko” zerbait ikusteko denbora asko egon behar delako naturarekin kontaktuan, eta hori da ez duguna egiten. Telebistan, bideo jokoetan edo sare sozialetan ikusteari oso ondo deritzot nik ere hala egiten dudalako, baina nik uste dut noizean behin ondo etorriko litzaigukela kalera ateratzea, pixka bat naturarekin sozializatzeko bada ere.