Lekeitioko portua neguan be zarratuta!
Gure bizimodu honetan behar beharrezko dogu automobila. Beronen erabilpenak, baina, kalteak be sortu egiten ditu, are gehiago erosokerian oinarritutako erabilpen gehiegizkoa nagusi bihurtu dan garaiotan. Horrexegatik, herrietan, bizitzeko atseginagoak izan daitezan, irisgarri eta kalitate hobeko esparruak egin behar ditugu, oinezkoentzako eremuak irabaziz eta aitatutako automobilen gehiegizko erabilpena eragotziz. Aldi berean, oinezkoentzat egokitutako eremu urbanoetan gertatuten dan jende kopuruaren igoerari esker, zelabaiteko onuradun izaten dira dendariak eta ostalariak be bai.
Aurreko baieztapenei eta usteei jarraituta, ezer ezkuta barik eta gardentasun osoz, EH Bildukook txalotu eta sustatu egin izan dogu Lekeitioko portua zarratuta egon daiten automobilen joan-etorrietarako. Berez, konbentzimendu osoz hartu izan dogu erabagi hau, baina hartuten diran erabagiak eta neurriak be ebaluatu beharra izaten dabe, batzuetan asmatu egiten dalako, beste batzuetan, ostera, ez.
Portu inguruko auzotarrak kezka handiz bizi dabe portuaren itxiera. Kaltetuta sentitzen dira. Ondorioz, gitxienez entzun egin behar jake. Eurekaz izan gara EH Bildukook eta zentzuzkoak dira emon izan deuskuezan arrazoiak. Lekeition neguko errealitateak erakusten dau egoera erabat ezberdinak bizi ditugula udan eta neguan. Hau da, neguan be portua zarratuta egoteak mesedeak baino kalteak handiagoak dira. Hala bizi dabe auzotarrak.
Zentzu honetan, ba, gaur egun udalak hartuta daukon erabagia malgutu leikeela uste dogu. Bat egiten dogu auzotarren eskaeragaz: neguko astegunetan portua zabalik automobilen joan-etorrirako eta aparkateko. Orduan, EH Bilduk bere baliabide guztiak erabiliko ditu udal gobernuak auzotarrak entzuteko eta beraztertzeko. Ez da zilegi ezta mesedegarri noizbait hartutako erabagia izateagatik jarrera lepo tenteari eustea. Udal ordezkariok herritarren zerbitzurako gagoz, hala bizi dogu guk ordezkaritza politikoa.
–Ainhoa Lopez Eiguren eta Andoni Seijo Arrinda. Lekeitioko EH Bilduren izenean