Marrazki bizidunen gainbehera
Nire garaiko marrazki bizidunak egungoak baino hobeak dira. Horrelako baieztapen batekin agure ipurterre bat dirudit, eta hala da, baina jarraian argumentu batzuk botako ditut. Ikus-entzunezkoen kontsumo eredua asko aldatu da urte hauetan; lehen, telebista aurrean jarri eta etb1en igortzen zutena igortzen zutela, pazientzia osoz eta gustu handiz ikusten genuen. Horrek ekoiztetxeei aukera ematen zien telesail luzeak eta landuak egiteko; denboraldiz denboraldi berritzeko aukera izaten zutenez, pertsonaiak, tramak eta animazio estiloa hobetzen zituzten. Orain, ordea, katalogo amaigabe baten aurrean aurkitzen gara, eta edukiei kosta egiten zaie gailentzea. Horregatik, marrazki bizidunek ikus-entzule gutxiago dituzte, eduki guztien artean banatzen delako kontsumitzailea. Egungo enpresarien logika ezberdina da: telesaila deigarria eta, batez ere, laburra izan behar da erraz kontsumitzeko.
Hona hemen beste titular bat: «Marrazki bizidunak, hogei minutuko iragarkiak dira». Harrigarria badirudi ere, ekoiztetxeek diru gehiago irabazten dute beraien marrazki bizidunen merchandisinga saltzen, telesailekin beraiekin baino. Pokemon frankiziaren diru iturri handienak, motxilen, panpinen, kamiseten eta tankerakoen salmentatik datoz; Statistak ateratako kontuen arabera, irabazien %65 eta %80 inguru osatzen du. Kontsumitzaileak, marrazki bizidunagatik ez balitz, ez luke erosiko «pika-pika» esan eta tximistak jaurtitzen dituen munstro hori baten panpina, marrazkiak ikusi ostean, ordea, bai. Publizitatean, iragarki mota honi Branded content deritzo, hau da, ikusleak, berak hala erabakita, iragarkia ikustea da.
Orduan, zergatik diot marrazki bizidunak makaltzen ari direla? Bi aldagai azpimarratuko nituzke; alde batetik, teknologiaren grapenak, 2D formatuan ekoizten ziren marrazki bizidunen prozesua digitalizatu du, eta animazio mota berri bati ireki dio atea, 3Dari. Marrazkiak 3Dan ekoiztea 2Dan ekoiztea baino merkeagoa da, baina bidean nortasuna galtzen dute edukiek. Hala ere, enpresek nahiago dute diru gutxiago inbertitu eta 3Dn ekoiztu; bestetik, egungo umeek geroz eta azkarrago uzten diote jostailuekin jolasteari, horrek eragin zuzena du salmentetan, eta, beraz, merchandisingetik jasotako irabaziak urriagoak dira. Ondorioz, enpresek diru gutxiago inbertituko dute beraien edukietan, logikoa da.
Laburbilduz, egungo ikus-entzunezkoen kontsumo ereduak lehiakortasun handiegia sortu du. Eta kontuan izanik gure marrazki bizidun maitatuenak jostailuak saltzeko iragarkiak direla, eta aipatutako hauen salmenten jaitsierak ekoiztetxeen inbertsioan eragin zuzena duela, bai, nire garaiko marrazki bizidunak egungoak baino hobeak dira.