Marterrizatu
Urteetako lanaren emaitza ondo baino ondo ospatu zen joan den otsailaren 18an Perseverance rover-ak Marte planetan lur hartu zuen momentuan. Emanaldia jarraitzeko interesa eduki genuenok, zientziaren abangoardian den NASAko langileen buruhauste zein lan ordu amaiezinek zerbaitetarako balio izan zutela ikusi ahal izan genuen amaierako festa hartan. Polita. Tentsio amaigabean zeuden haien artean elkarrizketatu zuten langile batek DonĀ“t quit, keep going leloa erabili zuen bizi bat eraman dezakeen proiektu baten ematen diren une latzak nola gainditzen diren azaltzeko.
Jarraitu aurrera, ez utzi! Egia esan, ez genuke lelo hau kasu guztietan praktikan jarri behar. Izan ere, bizitzan, zaldi probetan aritzen diren animalien gizara ibiltzea ez da batere ona. Halere, ondo hausnartutako eta landutako ideiak aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa da momentu txarretan lelo horri eustea. Bai aipatutako proiektu faraonikoetan zein apalagoak diren beste asmo eta ekintza askotan.
Bide horretan dabiltza HAIZEDER eskolak batzen dituen ume, guraso, irakasle, udal ordezkari eta herritarrak. Ibarrangelu, Elantxobe eta Eako eskola komunitatea, tipi-tapa txango berean. Bere seme-alabei gizarteak zor dien Lehen Hezkuntzako zikloa lortu nahian. Erronkak erraza beharko lukeela pentsa dezake batek. Kupoak, ratioak eta bariable horretaz harago, Urdaibai itsasadarreko eskuinaldean asentatu diren emakume eta gizonei hezkuntza baliabide hau eskaintzea oinarrizko gauza bat delako. Arrautza edo oiloa. Oiloa edo arrautza. Herri handiagoan bizitzeko aukera hartu dugunok, begi honez ikusten dugu herri txikiagoak baliabide anitzez hornitzea. Ludotekak, kirol guneak, aparkalekuak, plazak eta eskolak. Gero eta baliabide gehiago izateak bizitza erosoago bat eramatea dakarrelako. Bide batez, eta ez da gutxi, eskola handiagoak direnak umez pilatzea saihesten da. Hezkuntza kalitatea hobetuz.
Haizederrekoak su eta gar lanean dihardute. Hasi berri dugun urteko bi hile soilik agortu diren arren, tamaina honetako proiektua gauzatzeko pauso ugari eman behar baitira. Eta iraila, ikasturte berria, alegia, kale bueltan dago. Azken asteotan, komunikazio kanpaina polit bat jarri dute martxan. Kartel, argazki, bideo zein irrati saioetan entzun dugu kostako ume hauen berri. Gure eskolan ere, irakasle, ume eta gurasoek askotan erakutsi izan duten elkarlana eta gizarte hobeago bat lortzeko konpromisoa azaldu dute beste behingoz. Elkar. Batera. Haiek ere gara gu!
Honekin, eskualdeko herri handitik, zuen proiektuak lur hartu dezan esperoa eta ilusioa dugula jakinarazi nahi dizuegu. Bultzatu. Ekin. Jarraitu eta ez utzi!
HERRI TXIKI, ESKOLA HANDI!