Martxoak 8 eta urteko gainerako egunak
Gogoan dut, eskolan, 9 bat urte genituela, Martxoaren 8an ehungintzan lan egiten zuten emakumeen gertakariak kontatu zizkigutela. Eguna, marrazki bat eginez-edo aitortzen genuen.
Zer nolako poztasuna, 30 urte beranduago, bai martxoaren 8an eta urteko gainerako egunetan ere, berdintasun politikak hartzen diren erabaki eta neurriak genero ikuspegitik egitera behartzea, gizarte patriarkalean emakumeok jasotzen dugun diskriminazioari aurre egin nahi izatea.
Hala eta guztiz, denok dakigu oraindik ere gizarte parekide bat lortzeko bide luzea dugula aurretik, eta gizarte baten eraldaketak denbora behar duela. Azken urteetan ikusi dugun bezala, gainera, matxismoak kapitalismoari mesede handia egiten dio eta sistema sozioekonomiko honetan jarraitzen dugun bitartean, matxismoak bizirik irauteko forma desberdinak hartzen joango da.
Guzti honetaz jabetuz, aurreko urteetan kalera irten garen M8etan eta pasa den urtarrilaren 30ean egindako aldarriak eta proposamenak behin eta berriz errepikatzera gonbidatuta sentitzen naiz: feminismoa, bizitzako esparru guztietan kokatzen da eta bizitza politizatzea exijitzen du; heteropatriakatuak zapaltzen dituen subjektuak jarri nahi ditugu erdigunean; erdigunea hartzeak botere eta egitura harremanak aldatzea ekarriko du eta horrela, bizitza sostengatzeko zaintzen berrantolaketa soziala bultzatuko dugu; kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa hauspotu nahi dugu, kontsumo jasangarri eta arduratsua garatzearen alde; lana birdefinitzea eta ongizatea sortzen duten eta bizitza aurrera ateratzeko baliatzen ditugun jarduera guztiek osatzen dutela onartzea garrantzitsua da; lan eta bizitza prekarioen aurrean emakumeontzat enplegu duina, lan araututik kanpo egiten ditugun enpleguak eskubidez hornitzea, bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza, besteak beste, proposatzen ditugu; indarkeria matxistarik gabeko eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzen alde agertzen gara eta arrazakeria zein gerra deuseztatzen ditugu.
Aldaketa guzti hauen alde, Gernika-Lumo eta inguruetako emakumeak biltzen gaituen Sare Feminista sortu dugu. 30 urte barru, gainditu ditugun erronkak ospatu nahi izanez gero, bizitza ospatzea baldin bada zure helburuetako bat, ekin diezaiogun elkarrekin!