Monumentuak
Gizakiak, bizi osoan, prehistoriatik hasita, bere monumentuak eraiki ditu. Hasierakoak oso sinpleak ziren: Menhir, cromlech, tumulu,dolmen… izenez ezagutzen ditugunak, eta beren hildakoei eta «jainkoei» otoitz egiteko eraikiak. Euskal Herrikoak ez dira ikusgarrienak, baina mendi tontor askotan agerian dagoz. Bere bizitokiko kobazuloko hormak ere, monumentu piktoriko bihurtu zituen. Hauetako adibide asko ditugu Euskal Herrian eta inguruan.
Jakintsu askoren ustez, lehenbiziko gizakiaren bizilekua hemen zegoen testigu dira. Kobazulotik irten eta bere bizitza kanporatu zuenean, egoitza propioak, nolabaiteko etxebizitzak egiten hasi zen. Eraikin xumeak izango ziren, zalantzarik gabe, sendotasun gabekoak. Sendotasun handikoak, guregana heldu direnak, baina ez bertan bizitzeko. Egiptoko piramideak dira ezagunenak, faraoien hilobi gisa eraikiak, oinarria laukia eta lau aurpegiak triangeluak dituena. Mexikokoak ere antzekoak dira.
Azken urte hauetan, erdi ezkutuan edo guztiz ezkutuan dauden beste piramide batzuk ere agertu dira Bosnian eta Indonesian. Bosniakoak, konkretuki, Egiptokoak baino garaiera eta antzinatasuna handiagokoak. Adituek ezin dute argitu bata bestearengandik hain urruti dauden piramideak elkar duten antzekotasuna. Mendez mende, gero eta eraikin ederragoak egiten joan da gizakia. Munduan zehar kontaezinak dira.
Bidaiatzeko helburu nagusienetako bat toki bakoitzeko monumentu horiek bisitatzea izaten da. Gehien bat eraikin erlijiosoak izaten dira. Besteak beste, bisita gehien izaten dituztenak izaten dira katolikoen katedralak eta ordena desberdinen monastegiak, islamisten mezkitak, judutarren sinagogak, budisten pagodak… Erlijioak historia osoan eduki duen pisua oso handia izan da.
Beste monumentu erakargarriak erregeen eta aberatsen jauregiak eta gazteluak dira. Garai hauetan ez dagoz une gozoenetan, ez erlijioa, ezta monarkia ere. Baina iraganean, botere ekonomikoa eta agintea beraien eskuetan zeudenez, eraikin ederrenak egiteko ahalmena eurak zuten. Orduko arkitekto, eskultore eta margolari onenak beraien esanetara egiten zuten lan. Musika konpositore hoberenak eliza inguruan edo aberatsen eskaerei eta laguntzei esker bizi ziren. Gaur egun ere ez dute bizi samurra arlo desberdinetako artistek, baina garai haietan, zailtasun handiagoak zituzten.
Eraikin ikusgarrienak hirietan aurkitzen dira, baina herrietan ere egoten da zer ikusi eta zer miretsi. Askotan, herria bera da monumentu ikusgarriena. Gaur egun, Europan batez ere, garai bateko herri gehienak berriztatu egin dituzte era zoragarrian, beren antzinatasuna zainduz. Horrela, eraikin bakar baten ordez, herri guztia bihurtu dute erakargarri eta berezi. Askori gehiago gustatzen zaie horrelako herriak ezagutzea, katedralak, gazteluak edo jauregiak ikustea baino.
Dena den, batak ez dio ezer kentzen besteari. Edertasuna eta historia baloratzen dakienak dena ikusi, dena jakin eta edonon gozatu nahi izaten baitu. Antzinatasunak erakarpen berezia du, baina bera bakarrik ez da nahikoa gure miresmena sortzeko; edertasun aldetik ere harrigarriak dira iraganeko artistek utzi dizkiguten obrak, bai eraikuntzan, margogintzan, musikagintzan edo idazketan.
Gaur egun, teknika aldetik, obra zoragarriak eta erabilgarritasun handiagokoak egiten dira, baina edertasunari dagokionez, baliabide gutxiagogaz ezin hobetu daitezkeen lanak egin zituzten garai haietan. Horien guztien gainetik, baina, naturak emandako mendiak, bailarak, ibaiak, itsasoak eta abar dira monumentu ederrenak.