Mundaitz kalea
Oraingo hau ere ez da nire ideia originala. Amaren dei bat. Ta ama beti A·M·A, zeutzat, zeuatxik.
Aspaldiko telefono hari bat aktibatua, orain asko ikusten ez duzun lagun horrek deitu zaituela eta. Laguntasunak ere ezberdinak daudelako, batzuk behinola gaztaroan izan zirenak bizi ibilbideek urrundutakoak, besteak oso hurbilekoak, zenbait noizbehinkako kafe eta afaritakoak, eta beste batzuk (azken dei horretakoak) zure pasio hori partekatzen duenarekiko laguntasun harremanak: artea.
Gerra ume izandakoa, azaltzen didazu lagunaz. Emakumea. 89 urte bizi esperientzia eta zimur gainean. Paris, Suitza eta mundu zerrenda luzeegi bat ezagutuak, kantagintza eta artea orokorrean bizi inspirazio iturri. Familiaz talkan gairako normak eskatzen zuen bide zuzena ez jarraitzeagatik, tradizionalegiak beretzako, edo bera aurreratuegia garairako, berdin du.
Dei bat, sumindua “baina ze demontre da hau?!”. Bere azken artelanak ikusgai jartzeko nahitik abiatutako ideia. Badoa, prestutasunez erakusteka areto batera. Burokrazia kontuak. Bide orri nahasiari jarraituta jasotzen omen du robot erantzun horietako bat “oso interesgarriak iruditu zaizkigu zure lanak -atsegin izan beharraren faltsukeria dario- baina tamalez -badator notizia- ezin izango ditugu zure lanak jarri. Etorkizunean gustu handiz egingo dugu, jarriko gara zurekin kontaktuan”
E·T·O·R·K·I·Z·U·N·E·A·N. Berriz: etorkizunean. 89 urteko emakume bati, etorkizunaz hitz egiten gutun bat. Aizue, honek ez du zentzurik.
Mundu ordena honek ez du zentzurik.
Mundu sistemaren neurri da lana (bere zentzu hertsienean tamalez), dirua ez esateagatik. Mundua begiratu, ulertu eta beraz bizitzeko modu bat ezartzen duena. Zer den zilegi eta zer ez bereizten dituen pentsatzeko modu bat, zer den baloratua eta zer ez… neurri horren arabera.
Behinola -jada iraganean-, ongizate estatuaren eta berdintasunaren sedukzioa erabiltzen zuen kapitalismoak -mundu ordenu honek-, jada mozorrorik gabeko proiektu neoliberal bat besterik ez digu jarri ortzi muga bakartzat. Merkatu kapitalistak zentroan jartzen dituen mundu ordena injustua da globalizatu den bakarra, gutxi batzuen zor pribatua sozializatzen duena zerbitzu publiko eta eskubide sozialak pribatizatzen dituen artean. Bizitza -kolektiboa- kapitalaren logikapean eta zerbitzura jarriz. Ez du zentzurik. Gizartearen -ez dakit nora doan- garapenaren izenean, -ez dakit zeinen- bizi kalitatearen handitzearen mantraz, bizitza bera krisian jartzen ari gara.
Ongi-izatea sortu eta eraiki baino, gaizki-izateak produzitzen dituen Ekonomia politiko zehatz baten logika, erabakia. Eta beraz, krisi garai normalizatu honetan gutxi batzuen bizitza eustea, salbatzea edo/eta dolua egitea soilik izango da zilegi. Besteontzat: robot erantzun estandarizatuak, gobernatzeko gaitasun zapalduak, ezerezaren linbora kondenatzen dituzten laberinto burokratikoak -besarkada bat Mendizabala LHII-, desjabetze politikoak, kartzela egunak, goseteak eta gerrak -edo alderantziz zen?-, prekarietatea, munduko txokoren bateko bizitzen aurka oinarritutako gure hazkunde produktiboa -beste besarkada bat CAFeko langileei-, bizitza eusteko lan karga eta ordu amaigabeak, etxe kaleratzeak -4 familia astero Barakaldon-, larruazal koloredun izate lapurtuak… Hain zuzen ere bizitzaren beraren aurka egiten duen paradigma oso bat, etorkizunik eza.
Zahartzaroa, eritasuna eta heriotza ezkutatzen ditugula entzun dut irratitik arrazoirik -eta esperientziarik- falta ez zaion ahots hari bati. Eta normaltasun hau saldu nahiko digute, norma, zuzen pentsatu eta ekiteko modu zentzugabe bakar hau. Baina ez du zentzurik.
Pertsona helburu omen duen gure gizarteari gorputza(k) falta zai(zki)o, justizia sozialaren zentzua, edo zentzua orokorrean falta zaigu. Bizitza kolektiboa zentroan jartzea. Bestelako etorkizun bat amestea eta ekitea, maila ezberdinetatik, burujabetzaz. Eta ameskeria izatetik urrun, urteetan pilatutako jakintza kolektiboa eta indar eraikitzailea dugu so egiteko, egun praktikak aritzeko, gurean, herri izatean. Mundu ordena honek ez du zentzurik, ez eta etorkizunik ere. Edo hori espero dut behintzat, baina hori, gure eskuetan besterik ez dago. Hori dena, eta hori bakarrik. Hor gure ardura kolektiboa.