Mutrikuko moilako txabolak
Penaz jaso dugu eskutitza familian. Hainbeste urtez zutik iraun du, orain dela 80 urtez Debatik oinez ekarri zuten aldagela. Urteen poderioz moilako sarreran, arrantza portuko ongi etorri txabola bihurtu zenetik beste txabola zaharren artean. Urdina da, hala pintatu genuen Udaberri itsasontziaren patente sobrantearekin.
Ez orain asko, ibili ziren Unibertsitateko hainbat enparau, txabola hauek babesteko eskakizunak egiten, desmuntatu eta Itsas Museoan arrantz ondare bezala jartzeko asmoz. Zoritxarrez herri honetan beti galtzen ditugu horrelako aukerak. Penaz hartu dugu herriko ondareak galdu nahi dituzten agintarien erabakia. BOTA! ERAUNTSI! Herrikoak ez diren agintari politikoak gure herriko historiaz erabakitzen.
Kontatu zidan aitak orain dela 80 urte, Mutriku herri arrantzale xumea zela, xumea Debarekin konparatuz, non aberatsak beren aisia gune zuten, gure aitonak semekin batera nola ekarri zuten Debatik idiekin tiraka aberatsak bainujantzia janzteko erabiltzen zuten kaseta-txabola zahar ondatua. 5 kilometroz oinez, Mutrikuko portura arte. Ez asmo handiz, soilik arrantzak sortzen zituen egunerokotasunaren beharrak erantzuteko. Han jarri ziren 150 urte baino gehiagoko dituen kresalak jandako lau egur horiek, noizbait herri arrantzale izan zenaren lekuko.
Mutrikuarrentzat gune garrantzitsua izan da portua, moila. Gaur egun herritarrentzat baino, kanpotarrentzat egokitua dagoena. Aparkaleku doako bikaina «momentuz», kirol portua, pasealeku zoragarria, arrantza portua… Arrantza portua oraindik ere, naiz eta euro askotako kanoen artean lehiatzen ibili, gutxi, baina badaude, itsasotik, arrantzatik bizi nahi duten familiak.
Galtzen ari gara gure herriari esentzia eman zion kresal usaina! Portuan Mutrikuarrok ez dugu hitzik. Kofradia zaharra usteltzen lagatzen ari gara marrazo edo putre funts handi batek noiz merke hartu, goi mailako sukaldaritza edo eta kirol portuek bultzatzen duten aberats ereduko magnate batek noiz bihurtuko Mutriku Marbella. Ez dut uste Mutrikuarrok hori nahi dugunik! Portua herriarena da eta nere ustez Mutrikuarrok badugu zer esan! Pil-pilean izango dugu hurrengoko hilabeteetan portuko gaia berriro. Badakigu Eusko Jaurlaritzaren plangintzetan ez dela sartzen Mutriku herri arrantzalea izatea. Badakit ere, herri ondareak izan diren txabola, kresal ezpal horiek bota eta denbora ez oso urrunean, kirol portuko erabiltzaileentzako «luxuzko» bodegak izango direla.
Harro, ikusten nola ateratzen duten turistak argazkia kresalak erretako txabola koloretsuekin beraientzat bada ere interesa badaukate. Baten bat zutik gelditzen bada behintzat!
–Ion Basurko. Xostorra familiaren izenean.