Nahikoa da, Pototo etxera!
Lekeitioko Sare Herritarra osatzen dugunok, Pototok (Julen Atxurra Egurrolak) bizi duen egoera bidegabea salatu nahi dugu , buruko isuria izan ondoren ez duelako osatzen hasteko eta errekuperatzeko baldintzarik izan.
Horretaz gain, argi eta garbi esan behar dugu onartezina dela bera ikusten Aranjuezeraino joandako adin txikiko alabari bisita ukatu izana. Elkarrekin egon gabe hilabeteak igaro eta gero, tartean buru isuria jasanda, alabaren bisitarik gabe utzi zuten Pototo arrazoi formalengatik.
Maiatzaren erdi aldean buruko isuri izan eta gero, ekainaren 18an (eguena) atera zuten Pototo Puerto I kartzelatik eta 23 arratsaldera arte (hurrengo martitzena) ez genuen haren berririk izan. Orduan deitu zuen telefonoz etxera, astelehen goizean (bezperan, beraz ) ailegatu zela jakinaraziz.
Puertotik Aranjuezera izandako aldaketa honen inguruan ondokoa salatu behar dugu:
- Puertotik Aranjuezerako bost eguneko bidaia iraingarria izan da.
- Buruko isuria izan ondoren Cadiz-eko ospitale batera eroan zuten. Handik kartzelara bueltatu zutenean, isolamenduan jarri zuten (lehen graduan daudenei aplikatzen zaien neurria da). Isolamendua amaitu eta TAC-a egiteko hitzordurako egun bi falta zirela mugitu dute Aranjuezera. Osterabe jarri dute isolamenduan eta TAC-a noiz egingo, egunik jarri barik dago.
- Eroan duten kartzelan ez dago Pototok behar duen errehabilitaziorako baliabiderik eta osasun arreta egokirik.
- Aranjuezen dagoenetik behin baino gehiagotan urratu dituzte bere eskubideak eta funtzionarioen jarrera bidegabea da.
Ezin dugu ahaztu buruko isuria izan zuela Pototok eta 24 urte daroiazela kartzelan. Lehenengo graduan dago, gainera, erregimenik gogorrenean eta behar duen osasun arreta hartu ezinik.
Amaitzeko, Puertotik Aranjuezera mugitu dute Pototo. Urreratu egin duten arren bere egoera ez da hobetu. Etxean egon behar du behar den moduan errekuperatzen hasteko, konfiantzazko medikuekin eta ingurukoekin.
Presoak etxean eta bizirik behar ditugu. Pototo etxean eta bizirik behar dugu. Badakigu hori lortzea ez dela erraza izango , baina badakigu jendartearen eta instituzioen inplikazioa edukiz gero lortuko dugula .
Nahikua da. Bizirik behar dogulako, Pototo etxera!
–Agurtzane Gojenola. Lekeitioko Sare Herritarraren izenean.