Normaltasun berria
Pasa dira egun, aste eta hile batzuk etxean sartu gintuztenetik, eta orain pixkanaka ari gara normaltasun berrira bidean. Nahiz eta oraindik inork gutxik dakien normaltasun berri hori normaltasuna izango ote den edo ezagutzen ez dugun egoera berri bat den, bere horretan kontraesankorra baita normala berria izatea. Dena dela, ari gara fasetik faserako trantsizioan, WhatsApp taldeetan jasotzen ditugun BOEko PDF-ak irakurtzen ditugu zintzo, zer egin daitekeen eta zer ez ikasteko.
Besarkada eta muxurik ez, protestak bi metroko distantzian, leku itxietan eta leku ireki zenbaitetan maskararekin, eskuak maiz garbitu. Irakurri ditugu guztiak, baina zer nahi duzue esatea, azken astean normaltasun zaharraren ilusio faltsu bat izan dut. Lagunekin elkartu naiz hondartzan eta zerbezak hartu ditut Flixen eta Alkolean, kalean afaldu dut eta Zubixan irentsi ditut azken tragoak, nire aukeren gainetik. Bizikleta estatikoan eta pantaila aurrean egindako fullbody eta cardio-ek forma fisikoa ez galtzen lagunduko zioten akaso zenbaiti, baina ez da erreza izaten ari zerbeza konfinamendu aurretik bezala irenstea postkonfinamendu garaiotan.
Normaltasun berria deitzen diote, baina nik normaltasun zaharra baino ez dut ikusten bazterretan: Debako trena jendez lepo iristen da egun eguzkitsuetan; kulturgileak lan duinaren gosetan daude; jendeak presoen eskubideak aldarrikatzen ditu; hauteskunde kanpaina hastear da; jatetxe eta hotelak turistentzako prestatzen hasiak dira; prekarioek prekario jarraitzen dute eta aberatsek aberats; George Floyden ito dute Ameriketako Estatu Batuetan.
Muga asko ditugu oraindik, lau edo bost fasetatik bigarrenean baino ez gaude, baina edozein herriko terrazatan burua altxa eta ingurura begira, ez dirudi gure belaunaldiek inoiz ezagutu duten pandemiarik handienak irentsita egon ginenik duela aste batzuk. Agian etorri bezain azkar joango da, edo agian berriro etxeratuko gaituzte. Dena den, mundua aldatuko zela irudikatzen pasa genituen egunak nahikoa urruti geratzen zaizkit orain. Normaltasun berria normaltasun zaharra bezalakoa izango dela ematen du, edo, agian, okerragoa: prekarioagoa, xenofoboagoa, matxistagoa, kapitalistagoa, arrazistagoa. Eta, gainera, protestak bi metroko distantzian eta bozalarekin.