Osakidetzagaz obariotaraino
Orain dela aste batzuk prentsan agertu zen gure herriko Iratxe Zapirainek umea galdu ostean diru kopuru bat jaso zuela Osakidetzaren eskutik, azken horrek errua bere gain hartu eta gero. Halakorik berriro gerta ez dadin, bizitako esperientzia gogorra guztiokin partekatu du Iratxek, eta izugarri estimatzen dugu.
Potxuak Martxaneko kideok babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diogu Iratxeri; izan ere, bizitakoaren inguruan ezer kontatuz gero, isun bat ordaindu beharko du. Zergatik, ordea? Ez al da ba berea bizipena? Ez al da hobe gertatutakoa jakinaraztea berriro gertatu ez dadin? Osakidetza zeren beldur da?
Pasarte latz hau biolentzia obstetrikoaren adierazpen argia da. Emakumearen nahia ez zen momentu bakar batean ere errespetatu; berak ospitalera joan nahi zuen, eta ez zuten hori aintzat hartu. Infantilizatu egin zuten, eta tratu oso txarra jasan zuen; «¿Por qué gritas tanto?», «Estás muy nerviosa», «No respires tan fuerte» moduko adierazpenak entzun behar izan zituen, besteren artean.
Mediku-txostena ere lotsagarria da. Adierazpenok jasotzen ditu: «No colaboraba», «Entendía mal lo que era un parto natural», «Puede que su nerviosismo parase el proceso de parto y su hijo muriera como consecuencia» eta abar. Emakumea urduri egon izanagatik erruduntzat hartzen da. Non daude emakumearen duintasuna eta erabakitzeko eskubidea?
Hasieran, baikortasunez hartu genuen Osakidetzak dagokion errua onartu izana, eta ginekologia eta obstetrika zerbitzuak hobetzeko adierazitako konpromisoa positiboa iruditu zitziagun. Tamalez, ez da ezer aldatu.
Honen guztiaren aurrean oso haserre gaudela salatu nahi dugu: batetik, Osakidetzak emakume hau isildu nahi izan duelako, eta, bestetik, osasun sisteman hobekuntzak egiteko konpromisoa ez duelako bete.
Halako zorigaitz bat Lekeition bizi den edonori gerta dakioke, gure erreferentziazko ospitalea 70 km-ra baitago! Halakoetarako ez dago anbulantzia medikalizaturik, eta helikopteroa erabiltzea debekatuta dago. Gernikako ospitalea 25 km-ra dago, baina ez du halako zerbitzurik eskaintzen, ulertezina bada ere.
Egoera hobetu ez, eta, gainera, okertu egin da: Osakidetzako ginekologia zerbitzua kendu egin dute COVIDaren aitzakia erabilita! Lekeition ez dago emakumeok artatuko gaituen ginekologorik orain, eta, beraz, Gernikara joatea besterik ez zaigu gelditzen.
Inolako murrizketarik eta biolentziarik gabeko ginekologia zerbitzu duina aldarrikatzen dugu.
Ginekologia zerbitzua Lekittora!
Zaindu emakumeon osasuna!
–Eukene Elordieta Alzibar eta Leire Goitisolo Zumaran. Potxuak Martxaneko kideak.