Osasuna eta zaintza, publikoak jakina; eta hezkuntza?
Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza… zerbitzu horien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, horien defentsan ahots asko altxatu dira aspaldi, eta pandemiaren eraginez areagotu egin dira.
Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator, eta familia askorentzat ikastetxea aukeratzea ez da hain erraza. Gure sistema publiko-pribatu dual honetan aukeratzeko askatasunaz hitz egiten den bitartean, haien umeak inertziaz matrikulatuko ditu zenbait familiak, beste batzuk ondo aztertu eta hausnartutako aukera bat egingo dute, eta azkenek, ustez dagokien bakarrera joango dira. Baina kalitatezko hezkuntza nahi dugu familia guztiek.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok erantzuna argi dugu. Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde. Eta zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:
- Harro, unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako hezkuntza eskaintzen duen bakarra.
- Harro, euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten dituelako, testuinguru guztietan, euskal kultura ardatz hartuta.
- Harro, anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza egunero biziz ikasten delako, ez irakatsiz. Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; aniztasuna aberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena.
- Harro, inklusiboa delako: denona da, eta denontzat. Guztien garapen integralaz arduratzen baita, kolektiboa ahaztu gabe. Ezberdintasunak direnak direla, inor atzean uzten ez duen hezkuntza.
- Harro, herritarra delako, gurea delako, komunitate osoarena. Urte askoren eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna.
- Harro, parte hartzailea delako, partaidetza gune askorekin: Guraso elkarteak, Eskola Kontseilua, batzordeak… herri eta auzoan integratua.
- Harro, berritzailea delako: hobekuntza eta proposamen anitzi irekia.
- Harro, begirada feminista hezkuntza komunitatean zabaltzen ari delako, Hezkidetzarako aurrerapausoak ematen dituelako.
- Harro, jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen.
Azkenik, harro, Eskola Publikoak aipatutako ezaugarri guztiak betetzen dituen eskola delako eta gure seme-alaben hezkuntzaren bermea delako. Seme-alabekin batera gurekin bertan parte hartu nahi al duzu?
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN ZUEN ZAIN GAUDE: ZATOZ GUREKIN!
-Manolo Martinez eta Eli Lamarka. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren izenean.