Oztopo guztien gainetik
Antzeko egoerak gertatzen diren lehen aldia izan ez arren, azaroaren 25ean Ondarruko udalak izandako jarrerak gutun hau idaztera eraman nau. Izan ere, ez dut uste soberan dagoenik horrelako gertaeren berri ematea.
Duela bi asteko barikuko emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako mobilizazioa antolatzeko udal baliabideen eskaera bat egin genuen. Udal baliabideak, baliabide publiko diren heinean, beharrizana duen edozeinek erabiltzeko aukera izan beharko luke. Eskaera hau behin eta berriro egin arren, egunetan zehar ez genuen inungo erantzunik jaso, eta gaur da eguna oraindik erantzunik jaso gabe aurkitzen garena. Jaso dugun bakarra da, zeharka eta beste batzuen ahotik, alkateak ez digula baimenik eman eskatutako baliabideak erabiltzeko. Espero daitekeen bezala, inongo azalpenik eman gabe.
Aipatutako prozedimendu hau irizpide politikoen araberako erabaki bat izan dela uste dut, eta militante sozialiston jarduna oztopatu edo inungo erraztasunik ez jartzeko interes bat dago atzean. Baliabide horiek ez erabiltzeko erabakia aurreko egunean emateak gainera, zaildu egin digu lana, alternatiba bat bilatzeko denbora tarte murritza utziz.
Gobernuetan dauden alderdietatik ezkerrera kokatzen diren mugimendu ezberdinei oztopoak jartzea ohiko bihurtzen ari da, askotan historikoki horixe bera salatu izan duten horien partetik, gainera.
Euskal Herriko txoko desberdinetan horren adibide mordoa ikusten ari gara, eta Ondarru ez da dinamika horretatik aparte gelditzen den oasi bat. Argi daukagu; sozialismoaren alde lerratzen garenon aurkako beste oztopo bat besterik ez da izan gertatutakoa.
Ez da lehen aldia eta ez da azkena izango, larritasun maila eta eragile ezberdinen partetik antzeko egoerei aurre egiten jarraitu beharko dugu. Horren aurrean, sozialismoaren alde lanean jarraitzeko konpromiso osoa adierazten dugu.