Palestinaren alde mobilizatzen jarraitzeko beharra
Su etenak indarrean dirau Palestinan. Baina genozidioa ez da bukatu. Batetik, Israelen erasoak etenik gabe jarraitzen dutelako: bonbardaketa eta erailketak, laguntza humanitarioaren blokeoak, 10.000tik gora palestinarren bahiketa eta tratu txarrak Israelen menpeko kartzeletan, lur gehiagoren anexio planak…
Bestetik, argi daukagu, Palestina bere osotasunean askatu ezean, ibaitik itsasoraino palestinar estatua eratu ezean, Palestina beti egongo dela Israel eta inperialismoaren mehatxupean. Etengabeko genozidioan.
Hori dela eta, Palestinaren aldeko elkartasunak ezin du etenik izan, eta horregatik deitu dugu berriz ere mobilizaziora, abenduaren 19rako, 20:00retan eskolapetik.
Babesa adierazi nahi diogu palestinar herriari eta bere erresistentziari. Herri zapaldu orok, erasotua eta zapaldua denean, erantzuteko eskubidea du, beharrezko bitarteko guztiekin. Eta horixe da palestinar herriak egin duen hautua, erresistentzia muturrera eramatea. Horrela izan ez balitz, honezkero Palestina desagertua legoke, inork ez luke Palestinaz hitz egingo, eta Israel entitate koloniala besterik ez litzateke existituko. Erresistentzia beharrezkoa da, eta babestu egin behar dugu.
Orain, mendebaldeko herrietan, elkartasun internazionalistarekin jarraitu beharra daukagu. Israel geroz eta gehiago deslegitimatu behar dugu, israel entitate sionistarekin harremanak dituzten erakunde edota enpresak salatuz, presionatuz eta boikoteatuz. Esparru denetan: kirolean, kulturan, ekonomian, politikan…
Horretan jarraituko dugu “Lekeitio Palestinarekin elkartasun taldetik”. Begibistatik galdu gabe inperialismo estatu batuarra zabaltzen ari den beste zapalkuntza eta gerra fronteak: Sahara, Saheleko herriak, Venezuela, Kolonbia, Nikaragua…
Eta begibistatik galdu gabe ere, Euskal Herriak herri zapaldu bezala, elkartasun internazionalistarekin batera, inperialismoaren katebegi diren Europar Batasuna zein frantziar eta espainiar estatuekin apurtu beharra, gure herriaren askapen nazional eta soziala indartuz. Palestinar herriak egin bezala.
Guzti honengatik, herri osoa deitzen dugu, abenduaren 19ko mobilizazioan parte hartzera.
Lekeitio Palestinarekin elkartasun taldearen izenean