Palmondoarena
Nerabezaroan, Gabonen kontra nengoala baino ez neban esaten. Gorroto nituan kontsumismoaren, itxurakeriaren eta faltsutasunaren agerkari diran garaiok; ez nintzan gauza konprenitzeko zelan egiten dabeen bat gure uri, herri eta auzoatako kaleak Gabonetako argiakaz janzteak, baina, era berean, egun seinaladu honeetan euren etxebizitzetako argia ordaintzeko lain ez daukien familien saminak. Bildurtu egiten ninduan gure etxeko mahaiondokoa jan-edanez ganezka ikusteak eta, ostean, portal pareko zakarrontziak goraino beterik begiztau beharrak. Berez, horrek guztiorrek ez dauka zuzenean Gabonakaz loturarik, pertsonakaz eurakaz baino. Bestela esanda, sarritan, enpagua emoten dogula.
Baina zer gura dozue esatea, gabonak maitetan ikasi dot, Lou Reed entzuten ikasi dot, eta Perfect Day Gabon sasoirako berreskuratzen. Orain benetan ulertzen dot herriko nahiz familiako tradizinorik zaharrena erraiatan sartuta izatea eta zanatan barrena eroatea zer dan: bakarlari bihurtu ei naz; orain konprenidu dot aro honetan lagunek babestuago eta maiteago sentiduarazotea ez dala produktu artifiziala: isildutakoen urazaleratze naturala da; orain kargutu naz zein zentzu hartu daben kotxean gotortu eta mendiko auzuneatan zehar gabaz ibilteak, etxe bakotxeko bentanen bestaldean zer pasauko ikusteko: kristalaz harago ia beste inor ete dagoan, zertan dabizen han barruan, zoriontsuak diruditen…
Nerabezaroan, Gabonen kontra nengoala baino ez neban esaten. Palmondoak desertuko kontua baino ez zirala. Lou Reed dinosauro errari bat zala. Eta gaur neoizko zuhaixken bila nabil, gauean zehar. Zelan aldatzen diran garaiak, kamarada.
Institutu sasoian, upelako fijazinoa euki neban palmondoakaz. Zeharo identifikauta sentiarazoten eustien izakiak ziran. Landara bitxia da palmondoa. Orain dala mende batzuk, berea ez zan zentzu bat emoten saiatu ziran (nire ustez): antza danez, Ameriketara indiano joan eta goitik behera aberastuta bueltetan ziranek, euren ondasunen adierazgarri, palmondoak izaten omen zituen etxeetako atarietan. Baina palmondoak oparotasuna baino zeozer gehiago dira: palmondoa iraunkorra eta sendoa da. Galarrena luzea zein latza izanda be, palmondoa haize ufada bortitzek hara eta hona mobidu arren, benetan gatxa da ha lurrera botatea. Malgua baina nortasun zorrotzekoa da.
Koaderno eskutan, palmondoak burutik kendu ezinik egon nintzan aro baten: herrian gora eta behera ibilten nintzan gau eta egun, palmondoren bat egoan edozein leku paperean apuntetan eta herriko palmondo guztien errekontu bat egin guran. Ba, urteak beranduago, gauza berbera pasau jat gabon-sasoirako ipinten hasi diran neoizko argidun arbolakaz. Igaz be ipini zituen arren, aurten konturatu naz gure herriko bost muturrak inguratzen dituela argi dirdikaridun bost zuhaixkok. Eurek zehazten dituen mugen barruan ikasi dot goizaldeko ordu txikitan nire herriari darion isiltasunaz baloretan, egun argiz ikusi ezin nituan santu-kapillatxuei, izkinei edo bentana-bazterrei erreparetan. Herria eta gabon-aroa beste bizimin batez bizitzen. Jentea merezi daben moduan eskertzen. Perfect day tristura barik entzuten. Baietz, burua tente, ziutasunez, baietz esaten.
Nerabezaroan, Gabonen kontra nengoala baino ez neban esaten. Palmondoak desertuko kontua baino ez zirala. Lou Reed dinosauro errari bat zala. Eta gaur neoizko zuhaixken bila nabil, gauean zehar. Zelan aldatzen diran garaiak, kamarada.