Plaga
Heldu da ekaina, eta ekaina heltzearekin batera, baita turistak ere. Turista alemaniarrak, turista frantsesak, turista espainiarrak. Turistak, urteroko superioritate haize eta azal gorri berarekin.
Biderkatu da jada kostako herrion populazioa, bete dira Airbnb-ak eta urtean zehar Airbnb hori hutsik mantendu duen jabearen poltsikoak.
Kaña, izozki eta pintxoen prezioak gora. Kamareren lan orduak eta lan ordu estrak gora. Tabernaren jabeari eta udako gau giroari zor omen diezun ordaindu gabeko esfortzu (lan) gehigarria gora. Eta soldatak berdin.
Gainera, kamarera gisa, jatorra izan behar duzu gizon ingeles lerdoekin. Beraiek hizkuntza bakarra dakite. Zuk bi menderatzen dituzu, gehi beraiek hitz egiten duten ingelesaren erdizkako bertsio bat, eta paletoa zu. Eta barre egingo diote zure ingles traketsari, eta nahastuko dira inperialismoa eta klasismoa eta misoginia. Baina kamarera lanaren parte omen da aurpegira bota nahiko zenien txistua eztarritik tragatzea.
Turistek arau komunitario guztien gainetik paseatu ohi dute. Herriko señoren itzaletako bankuak, hondartzetan pasabide gisa gordetako eremuak, nahiz gaueko isiltasun orduak: guzti guztiak okupatu ditzakete.
Eta betetzen dituzte hondartzak, eta hondartzatik ihes egingo duzu erdi aparte, erdi sekretuan dauden harkaitzetaraino. Eta iritsiko dira eta hautsiko dute hango lasaitasuna ere. Oporretan denak balio baitu, diruak armonia bakan oro hausteko legitimitatea ematen omen du.
Zerbait asmatu beharko genuke, mendeku txikiak hartu. Ez dakit, uda eramangarriagoa egiteko, garaipen txiki bat tartean-tartean. Desfoge momentu bat pijoen aurka.
Hasarrea (gutxienez) legitimoa izango ote da, ba. Plaga hau baino okerragorik ez dago.
Esango du baten batek geu ere bagarela turistak tarteka, nahiz eta ez izan guztion kasua, ezta turismo guztien kasua berdina ere. Turistak dira beraien burua «biajerotzat» duten hippiak ere, horiek turistetan turistenak dira. Eta guztia ez ohi da izaten dena edo ezer ez, modu ahalik eta jasangarrienean bidaiatzen saiatu beharko genuke, ahalik eta gertuen. Baina haserretu daitezela gurekin turisteatzen dugunean. Eta batez ere, gure pirineotako bidaiak ez gaitzala eraman turismo estrukturalaren despolitizazio eta erlatibizaziora.
Independentzia lortzen dugun egunean turistei muga guzti guztiak ixtearen alde.