Segurtasun eza, norena?
Martzillan herriko harrera zentroan bizi diren adingabe migratzaileen aurkako eraso antolatu bat egin berri dute. Pasaian, iazko urte amaieran, burdinazko barrekin armatutako faxista kaputxatuak gazte magrebtarren bila atera ziren. Irunen, duela gutxi iragarri dute auzotar patrulla arrazistak antolatuko dituztela, pertsona moroen aurka ere joango direla azpimarratuz. Hernanin, joan den ekainean, indarkeria arrazistaren gorakada bat gertatu zen, herriko magrebtarren kontra. Horren ondorioz, hamar bat pertsona jazarri eta erasotu zituzten, horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituztelarik. Donostian, kalean bizi diren gazte magrebtarren aurkako jazarpena etengabea ari dira izaten. Telegram kanalen eta Instagram kontuen bidez, elkartasun adierazpen batzuen debeku legala lortu dutela zabaldu dute, Egiako afari solidarioen kasua izanik sonatuena.
Ekintzaile eta asanblada antiarrazistek Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan deitu dituzten elkarretaratzeetan salatutakoak dira eraso hauek guztiak.
Euskal Herrian eskuin muturra ez dago alderdietan antolaturik, azken hamarkadetako borrokei esker. Ordea, ezin ukatu olatu erreakzionarioak iritzi publiko zuria zeharkatu, eta arrazismoz ber-elikatu ez duenik: segurtasun falta migrazioarekin lotzen duten ideiak, zurrumurru deshumanizatzaileak eta liskarren bidez etorkinen ehiza justifikatzen ari diren posizioak gero eta gehiago dira.
Gutako asko ere geratu gara isilik tabernetako, lagunarteko eta familia bazkarietako diskurtso arrazisten aurrean. Elikatu ere bai, beharbada. Sostengatu ditugula, ziur. Zuritasuna gorputz arrazializatuekiko nagusitasunaren gainean eraikitzen baitugu.
Beraz, salbatzaile zuriaren pin banaketarik ez gure artean. Ezta norbera arazotik kanpo kokatzeko saiakerarik ere. Ez kulpa immobilizatzailerik, ez larritasun pasiborik. Ezta norbere buruaren pribilegioen berrikusketa soilak ere, lasaitasun indibidualaren bila. Ez gara gutaz ari.
Lehentasun politikoen kontua da.
Urgentziaz eta perspektibaz, erantzun kolektiboak.