Semea eskolako umeekin auskan
Zapatu iluntzean, herriko plazan lagunartean geundela, gaztetxoen arteko ohiko zalaparta bat antzeman genuen. Bat-batean semea ikusi nuen neuregana zetorrela, hara zer eta bera ere tartean omen zela. Baina zer gertatu da? Ba horixe, betiko leloaren betiko leloa: batzuk ikastolako ikasleak eta besteak eskolakoak zirela.
Ni neu ere, nire semeak bezala, ikastolako ikaslea izandakoa naiz, eta, egun, neuk ikasitako ikastolan zuzendaria naiz. Orain, nagoen tokian sinesten dugun hezkuntza proiektua garatu eta hobetu ahal izateko baliabideak eskuratzea da gure eguneroko borroka. Finantziazioa izaten da gure bulegoetan gehien estutzen gaituena eta osatzen dugun komunitate sendo honi esker, bide ezberdinetatik lortzen dugu geure proiektua errotzeko behar duguna.
Urte luzez hezkuntza publikoan aritu izan naiz irakasle lanetan. Eskoletan, baina, gurean bezala bada zer eraldatu. Izan ere, goitik behera errotutako sistema da hura, eta horrek hezkuntza eredu propioak garatzeko orduan traba nabarmenak sortzen ditu. Eskoletan zaila da ezarritako eredutik at zerbait egitea; autonomia falta itzela dago. Hala ere, zailtasunak zailtasun, eredugarria da guraso eta elkarte askok egiten duten ahalegina.
Uste dut badela garaia herri honetan urte luzeetan bizi izan dugun konfrontazio egoera gainditu eta denon artean Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko. Aurten gure ikastolari Ibilaldia antolatzea egokitu zaio, eta eszenatoki hori baliatu nahi izan dugu Hezkuntza pauso bat haratzago topaketak egiteko. Hezkuntza arloko eragile eta norbanako ezberdinak gonbidatu ditugu lan horretarako. Gonbidapenon erantzuna ez da izan nik espero nuena, eta, tamalez, oraindik hutsune asko egongo diren arren, abiapuntua izango da.
Urteak dira Herri Hezitzaileen dinamika Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri zela mundu hobe bat irudikatuz gaztetxoenentzat. Hori eragile desberdinen arteko elkarlanak egin du posible.
Jadanik, zaharkituak geratu dira hainbat hezkuntza eredu gure herrietan. Galdera berriak sortzen ari dira hezkuntza esparruan: irakaslearen rola eta umearen funtzioa zein izan behar diren irakaslearen kezka bihurtu dira. Eta testuinguru horretan, ikastolok berregokitzen ari gara ondorengo galderei erantzunez. Nolako ikasgelak nahi ditugu? Zer material eskaini behar diegu gure haurrei? Zer nolako metodologiak baliatu behar ditugu? Baina haratzago joan nahi dugu, eta, horregatik, zapatuan, Hezkuntza pauso bat haratzago topaketetan bilduko gara guraso, irakasle, ikasle eta interesa duen herritar ororekin.
–Ibon Goitia. Lekeitioko Azkue ikastolako zuzendaria.