Sêv
Argazkia. Argazki bat bidali dute lagun artean dugun berehalako mezuen aplikazio famatu (1) horretara. Hemen hasten da: sagar bat ageri da irudian gazteleraz idatzita dagoen etiketa batekin gainean #EstePaisLoAlimentamosUnidos. Nor da pais hori? Nork erabakitzen du? Eta nola elikatu nahi dugu?
Syngenta. Bilatzaileen aroan eskura dugun informazio kantitatea izugarria da –Internetera sarbidea dugunontzat bederen– eta desinformazioa uholdea ere ikaratzekoa. Syngenta izena duen enpresa baten kanpaina bat da herriaz, elikaduraz eta batasunaz hitz egiten duen etiketarena. Hazien produkzioa, pestizidak eta golf zelaietarako belarra merkaturatzen ditu –bai, golf zelaietarako belarra saltzen eta pestizidak egiten dituen enpresa berak ditu haziak produzitzen–. Eta idatzietan nekazaritza produkzioaz eta errentagarritasunaz mintzo dira –nekazaritzarekiko duten ikuspegia termino horietan oinarritzen da–, bioteknologia eta nekazaritza kimikoa.
Suitza eta Txina. Aipaturiko multinazional hau izatez Suitzarra da eta burtsan kotizatzen du –elikagaiak izango diren hazien produkzioaz arduratzen den enpresaren jabetza, burtsa merkatuko salerosketa logikan jokatzen da–. 2017an ChemChina konpainiak erosi du Syngenta 43 mila milioi dolarren prezioan (2). Produktu kimikoen produkzioan dagoen munduko hirugarren korporazioa da orain, 67.397 milloiko fakturazioa du urtean eta, beste enpresa batzuen jabea ere bada, besteak beste, Pirelli kautxo enpresa.
Brasil. 2007ko urrian Brasileko MST-k (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) herrialdean kokatuta zegoen hazi ikerketara bideratutako enpresa honetan protesta egin zuen. Genetikoki moldatutako hazien eta lurren lapurtzearen egoera larriak bistaratu asmoz. Protestan guardiak armekin agertu eta, manifestari bat eta segurtasuneko langile bat hil ziren. Honen ostean, enpresak 123 hektarea dohaintzan emango zizkion Paranako nekazaritza institutuari biodibertsitate eta lurraren errekuperazioaren ikerketarako. Eta zenbat lapurtu herrialdeari?
Etiketa. Eta hitz egingo digute herrialdeaz, kolektibitateaz eta elikaduraz, helburua –eta beraien funtzionatzeko logika– kapitala duten horiek.
3.000 eta %5a. Euskal Herrian kontsumitzen ditugu elikagaiak bataz beste 3.000 kilometro egiten dituzte gure mahaira heldu aurretik. Eta plater horretatik jaten dugunaren %5 da soilik hemen sortzen dena. Dependentzia sakona da, zer, non eta nola sortzen diren elikagaiekiko, zer, non eta nola funtzionatzen duten enpresekiko. Noren baliabide eta osasunarekin, noren interesetarako egiten dute? Norbere gorputz, osasun eta herriari (lurrari) eragiten digunaren gaineko erabaki gaitasun urria dugu. Are gehiago, aberastasuna metatzea helburu eta beraz, logika horretan funtzionatzen dutenen dependentzia larria. Eta hala etortzen zaizkigu zabortegiak gainera, zulatutako mendi eta zoruak behera, pandemia baten erdian elikagaien prezioa zeruratzea eta erosteko ahalmena lurperatzea, langileen esplotazioa plastikozko itsasoetan, turismoa ez jasangarriarekin norbere herrian ezin bizitzea, energiaren dependentzia, bizi eredu honetarako 2,64 planeta behar izatea…
Burujabetza. Elikadura burujabetza eta demokrazia ekonomikoa beharrezko ditugu, bizitza duina zentroan jarriko duen eredua. Eraldaketa beharrezkoa da. Zer jan, nola erosi, nola sortu, nola zaindu, nola lan egin eta nola bizi demokratikoki egingo duen eredua, ardurazkoa eta premiazkoa. Ez naiz aldatu ezin diren gauzak onartzeaz ari, onartu ezin diren gauzak aldatzeaz baizik (3).
AZALPENAK:
- Badaude kode irekia duten alternatibak telegram eta signal kasu: funtzionalitate eta itxura berdinak, zifratuak.
- 2015 Monsanto oso ezaguna dugun enpresak ere egin zion eskaintza bat, ez zen onartu.
- Esaldi originala Angela Davisena da eta hau dio: I am no longer accepting the things I cannot change. I am changing the things I cannot accept. Konferentzia batean esan zuen (HEMEN LOTURA).