Topofilia
Gizakiok naturarekin eta beste bizidunekin harremanetan egoteko daukagun behar emozional sakona biofilia bezala definitzen du Edward O. Wilson biologoak (Hitza 2024/02/08). Oraintsu, beste termino bat ikasi dut: topofilia (grekeraz topos lekua eta philos maitasuna).
Yi-Fu Tuan (Tianjin, China, 1930) geografo humanistak lan ugaritan erabili eta aztertzen du topofilia hitza. Bere Topophilia. A study of Environmental Perception, Attitudes, and Values (Prentice-Hall, 1974) liburuan –Melusina argitaletxeak Topofilia bezala itzuli zuena 2007an– esaterako, jendea eta ingurunearen arteko lotura emozionalak lantzen ditu.
Bere laneko aipamen batzuk azpimarratu nahi nituzke: «Paisaiaren balioespena pertsonalagoa eta iraunkorragoa da gizakiaren memoriarekin uztartzen denean. Era berean, jakin-min zientifikoarekin uztartzen bada, ingurunearen plazer estetiko iragankorraz haratago doa gure paisarekiko maitasun edo balioespena»; «Lekuarekiko sentsibilizazioak espazio horretan gertatzen denaren jabetze eta erantzukizun gehiago sustatzen du»; eta «Jendeari natura eta bere artelan handiak balioesten irakatsi behar zaio, gaur egungo ingurumen arazoei aurre egiteko».
Paisaiaren inguruko beste erreflexio gomendagarri batzuk Humberto Astibia Ayerra (Iruñea, 1955) paleontologoarenak dira. Azpimarratu ditudan batzuk 2016an Euskonews aldizkarian argitaraturiko Sobre el paisaje y su relación con el arte y la naturaleza lanekoak (https://www.euskonews.eus/0708zbk/gaia70801es.html) dira: «Paisaia sentitu eta gogoratu egiten da»; «Ingurumenaren zaintza edo defentsarako, ikuspegi ekologiko hutsa, sarritan, hotza, urrunekoa eta erredukzionista da»; «Ingurumenari buruzko diskurtsoa paisaiarena izan behar da jendearen bihotzetara iristeko»; eta «Paisaia ondare-unitate moduan aldarrikatzeak, lokalki behintzat, kontzientzia edo sentsibilizazio ekologikorako eta naturaren ikuspegi kultural berrirako balio dezake».
Autore hauen lanak irakurtzean, argi geratzen zait gizabanakoaren eta gizartearen ongizaterako funtsezko elementu integratzailea paisaia bihurtu dela (Hitza 2023/09/21). Gure leku edo ingurunearekiko daukagun atxekimendua, bertako ondasun natural (biologiko zein geologiko) eta kulturalei esker lortzen dugula eta, atxekimendu hau, gainera, gizaki, komunitate edo herri izateko beharrezkoa dugula.
Testu hau idatzi bitartean, lagun, arpa-soinu zoragarrien ekoizlea eta Euskal Herriko ahotsik goxoena daukan Olatz Zugasti. Gaur hautatutako abestia Kuluman.