Uda gorria
Beharbada rol zehatz batzuk hartu ditudalako, beharbada besteen lekuan jartzen erakutsi didatelako, edo, besterik barik, nostalgiko hutsa naizelako, gogorrak egiten zaizkit uda hasierak. Uda ere idealizatu egin digutela pentsatzen dut, eta telebistako iragarki fresko horietatik aparte, jende asko dagoela uda lasaitasunik eta jairik barik pasatu behar izaten duena. Estresa sortzeraino: zer egitea espero denaren eta zer egin behar dugun horren arteko diferentzia horretan galtzearen estresa.
Pertsonak beste arrazoi egon daitezke uda «ideala» ez bizi izateko. Bakardadeak eta hutsuneak ez dira batere lagun onak errutinatik ateratakoan. Urte osoan erlojuaren orratzen gurpilean sartuta egon ostean, uda heldutakoan denbora zerekin bete ez jakiteak gatazkak sor ditzake. Orduan botatzen dira faltan gehiago ondoan falta direnak. Udan egiten dugu sarri «non egon naiz ni orain arte?» galdera, alboan daudenei zer gertatu zaien hausnartzeko astirik gabe ibili eta gero.
Txin-txin hotsak ere baldintzatzen du asko eta askoren uda. Eta derrigorrez kanpora joan edo derrigorrez jairik jai ibili behar horrek, nabarmenago uzten die behar hori.
Beste jende askorentzako, ostera, errutina udan hasten da. Urte osoan lanik ez eta udan egin behar dutelako, edo urte osoan lan egin ostean, udan ere lan egin behar dutelako, uda egunerokotasun arrut bihurtzen da. Lan ordaindua zein ez ordaindua izan daiteke jakina, asko eta askori tokatzen zaie-eta udan, zaintza lanak (orduan ere) egitea.
Beraz, uda lanean pasa behar duzuenoi, langabezian, norbaiten hutsunearekin, osasun arazoekin, ospitalean, norbait zaintzen edo zuek nahi ez moduan pasa behar duzuenoi, goraintziak nire partetik. Seguru nago asko zaretela. Ahalegindu daukazuen horrekin momentu onak bizi izaten, gustuko kantu bat jarri eta altuan kantatzen, mantekau bat gustora jaten edo itsasoan bainu bat hartzen. Eta uda gozatzeko aukera daukazuen guztioi ohar bat: ez larregi goraipatu uda, batzuentzako negu gorria izaten delako abuztuko eguzkia.