Udak, gudak
Motxila husten dabil Gari. Bainujantziak, toaila petrifikatuak, barruko arropak, galtzerdi umezurtzak… hondarra ere atera zaio zorrotik, harezko erloju bat betetzeko beste. Astebete egon da motxila eskaratzeko ertz batean, totem sakratu bat nola. Jornada de reflexión pentsatu du, azken galtzontzilo astinaldian. Garbigailuko atea zabaldu, detergente eta leungarria kutxatiletara bota eta danborraren birei begira geratu da adi, pertsona arrotz bat ikusi duen katu baten begiradaz.
Nahikoa bira eskaini dizkio udak, oroimenak zentrifugatzeraino. Irakasle izateak dakartzan oparitxoak. -Baita zera ere- kexatu ohi da erdi ahapeka. Nahieran darabil pribilegio hitza jendarteak eta horrek amorrarazten du gehien Gari. -Ez ote genuke hobeto (…)- adierazten die lagunei terraza arratsaldeetan -(…) albokoak ondo merezitako atsedenari so egon beharrean, atseden hori ez dutenentzat, eskubide sindikal duinak eskatzen hastea, adibidez, ostalariek, zaintza langileek, fabrikakoek… ere bi hilabeteko oporrak eduki ditzaten?-. Nekatuta dago Gari, oporraldiak erdi parkamena eskatuz gozatu eta beti besteen aurrean justifikatu beharrera. Unibertsitate garaian irakurtzen zituen liburu horietako bati esaldi bat azpimarratu zion eta ordutik bere egiten du halakoetan: aisialdia iraultzailea da.
Hausnarrean dabilen morroi baten silueta, ukitu picassianoz, bereizi daiteke garbigailuko danborreko islan. Garik argi dauka nor den eta, batez ere, kanpora begira nola azaldu nahiko lukeen. Lanzarote aldetik ibili da, lehenik, bikotekidearekin eta Galizia iparraldetik, gero, lagun bat eta furgoneta hartuta. Zeukan diru apurra xahutu du eta orain jopuntutik abiatuko da berriro. Zirkulu kutsakorra da gozamena, bere buztana jaten duen suge bat: lan egin behar da urte osoan zehar, gero, bi astetan, lan egin behar izatera bueltatzeko beharrizan berriak sortzeko. Hori gutxi ez, eta ezin nork bere burua erruduntasun sentipenetik aldendu. Garik ez luke arrasto ekologiko handiegirik utzi nahi bisitatzen dituen txokoetan, gatazkak sortzen dizkio behar ez dituen zenbait kapritxo emateak, beti sentitzen du zerbitzariekin giri harroputz bat bezala ez ibiltzeko derrigortasuna… -beste batzuekin alderatuta, pribilegiatua naiz, agian, baina dirua daukatenek, hori baino ez daukate; ez kezka, ez arazo, dirua. Nik ondo dakit noren alde hartzen dudan arnas- sutzen da, azkenaurreko garagardoek gain hartzen diotenetan.
«Pipip!» entzun bezain laster, atera ditu arropak garbigailutik. Pintzen kutxa hartuta, esekitokian bere uda zintzilikatzeari ekin dio. Hasperen bat eta errutinaren baltsamoa. Zeozer falta da. Garik ondo daki zer den. Beti geratzen da galtzerdiren bat bidean. Seguru hau ere bidaia polita izango dela.