Udako sugeak?
Agorrila amaituta, ikasturte berria mehatxuka dator. Bakazioen garaian ere kontsumitzailea beti erne mantendu behar denez, «sugeak» askatu ohi dira kaleetan zizgi-zaga ibil daitezen. Sugeok komunikabideek udan argitaratzen dituzten albiste garrantzirik gabeei, sentsazionalistei edo asmatutakoei egiten diete erreferentzia, politikoen oporren eta albisteen murrizketaren ondorioz plazaratuak izaten direnak. Horra, irakurle, uda hontako suge batzuen begiztatzearen kronika.
Ikusi eta ikasi
Apokhalipsi musika talde gaztea kalean Delirium Tremensen bertsio bat jotzen. «Ikusi eta ikasi. Eta ondo entzun. Hobeto heldu». Gorroño alkateari zuzendutako mezua zirudien. Baina, sorgor denez bere delirio egozentristan… Argi dago bere ibilbide luze bezain aldakorrean herri bat, ganoraz kudeatzeko ez duela ikusten eta entzuten ikasi.
Guggenheim
Bizkaiko Aldundiak egin asmo duen astakeri sozial eta kulturalaren gaineko entzute-ariketaren emaitzak atera dira. Hona hemen sintesia:
Aldundia: Zer?
Herria: ¡Caca parecer!
Ertzantza
«Ertzain izateko ikasi egin behar da, eta agian batzuek ez dute behar beste ikasi» (Zupiria dixit). Ikasturte berria hastear dagoen honetan ikastearen aldeko aldarria egitea txalogarria bada ere, esango nuke hitzok ez direla izan Atutxa sailburu ohiaren gustokoak, haren pedagogia borraren aldekoa baizen.
NABO (North American Basque Organizations)
Euskadik eta Boisek lehen pausoa eman dute etorkizuneko campus transozeanikoa garatzeko. Lehendakariak aukera baliatu du euskera AEBetan hedatzearen aldeko apostua egiteko. Bitxia da, behinik behin, ikusirik zer gutxi egiten duen etxean, euskera atzerabueltarik gabeko egoerara kondenatuz. Zer naboak diren batzuk.
Etorkina
Bizikidetzaren kaltegarri, segurtasun ezaren arduradun, aldaketa klimatikoarena, etxebizitzen prezioarena, pentsionisten soldatarena…
Txosnak
Txosnak ondare immaterial izendatzeko asmoa agertu da. Materialista dialektikoak ere tartean egongo ete dira? Egitasmoak etorkizunean bermatuta egon daitezen eta jai eredua manten dadin du helburu. Azken boladan txosna guneak zalapartarako gune bihurtu direla bistakoa da. Ondarrun, esaterako, proletarioek langile bat kanporatu dute denona den eremutik.
Txiki eta Otaegi
Gogorako zuzendaria den Alberto Alonsok (PSE) Frankoren diktadura eta haren aurkako erantzuna maila berean jarri ditu. «Txikik eta Otaegik diktaduraren tresna berberak erabili zituzten, hau da, biolentzia, izua eta beldurra». Benetako ergelkeriak adimen artifiziala ere gainditzen duela esan zuen batek. Zarautzen kendutako pankartari dagokionez:
-Pankarta kendu diagu.
-Baina, nola kentzen da haizean dabilena?» (U. Gaztelumendi. Gara).
Eraso sexistak
Babosuk ureta!!!
Gazako gosetea
NBE: «Begibistan dugun goseteak denok jazartuko gaitu, aurreikusteko eta saihesteko modukoa delako, krudelkeriak eragindakoa, mendekuak justifikatutakoa, axolagabekeriak eragindakoa eta konplizitateak eutsitakoa». Ez dago argiago esaterik.
Suak
Penintsula guztia suak hartua dagoenean, gu jaiei suekin agurra ematen?
Kontuz sugeekin.