Urrutiko kontuak
Tokiko informazioa fin jaso ohi da eskualdeko egunkari honetako orri, albiste eta lerroetan: herri bateko plazan egindako jarduera, beste herrian piztutako sute txikia, edo halako auzotako jaiak. Geroz eta mundu globalizatuagoan bizi garen honetan, Italian gertatuak Berritxun gertatuak baino garrantzi handiagoa duen garaiotan oasi txikiak dira tokiko komunikabideak.
Haiek halabeharrez eta guk hala nahita jartzen dizkiegu begiei mugak, harresietatik harago ez ikusteko. Turkia eta Greziako mugan harrapatuta dauden errefuxiatuekin gertatzen den gisara. Sare sozialetan eta komunikabideetan han eta hemen ageri zaizkigu irudiak. Zaborrez gainezka dagoen kanpamendu batean harresiz inguratuta daude milaka lagun. Gerra batetik ihesi asilo eske, zakarrontzi batean bahituta, argindarrik gabe eta urik gabe.
Facebookeko eta Twitterreko begiratu azkarretan ihes egiten diegu eguna izorratu eta tripak mugiaraziko dizkiguten irudi eta bideoei. Moriako kanpamenduan gertatzen ari dena ez da koronabirusaren abiaduran iristen gure eskola, osasun etxe eta zahar egoitzetara. Eguneko titular diren albisteen artean entzun dugu irratian Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidentearen ahotsa. Ingeles garbian esan du Grezia Europaren izenean ari dela, europarron izenean alegia. Eta gu, nahitako edo nahigabeko europartasun horretan itota geratu gara. Geure izenean indar polizialak (eta parapolizialak, eta faxistak, eta eskuin muturrekoak, eta…) asilo eskean eta gerratik ihesi datozenak jipoitzen eta akabatzen ari direlako. Bagenekien lehenago ere, baina Von der Leyenen ahotsa iltzatua geratzen zaigu buruan, eztarrian eta tripetan. Geure izenean ere ari omen dira bideak ixten, sarbideak oztopatzen, asilo eskubideari uko egiten, itsasoak hilobi bihurtzen.
Bitartean, tantaka iristen zaizkigu hango berriak, gehienetan filtro handi eta kapa asko pasa ostean, eta hala ere izugarriak, lazgarriak, sinestezinak. Zaila egiten zaigu geure buruak harresiaren beste aldean irudikatzea, gerratik ihesi, baina batek daki inoiz ala egotea egokituko ote zaigun, aurretik ere inoiz egokitu izan zaigun gisara. Ordura arte urrutitik begiratzen diogu errefuxiatuen krisiari, geure izenean jendea itotzen duten bitartean, jipoitzen duten bitartean, umiliatzen duten bitartean, gurekin zerikusirik edukiko ez balu bezala. Erreza baita lurrari bezala begiei ere mugak jartzea, eta tokikotik harago ez begiratzea.