Usain kontuak
Zentzuak eta arrazoia ezinbestekoak izan dira ezagutzaren prozesua eta inguratzen gaituen mundua ulertzeko. Aspaldikoa da beren arteko norgehiagoka jakintza arloan hegemonia lortzeko. Zentzumenek informazio aldakorra eta anitza ematen dute; arrazoimena zentzumenek emandako informazioa ulertzen eta interpretatzen saiatzen da, esentzia bilatzeko. Usaimenaren kasua honela laburbildu genezake: usaina antzematean sentsazio bat eragiten digu, emozio bihur daitekeena; gero lotura egiten du egoera batzuekin eta, azkenik, oroimena gorde. Identitate kultural baten memoria osatzeko ezinbestekoa den zentzumena da usaimena.
Iragan berri den udako egun sargori batez, lagun batzuk ostera bat egin zuten Urdaibaiko txokoetatik barrena. Foruan geratuta geunden beroari eta nekeari aurre egitearren zer edo zer hartzeko. Lagunetako batek, komunera joan eta handik itzultzean, zera esan zuen ozen: «usain naturala, komunean!» Geroago ohartu nintzen ez zebilela han norbaitek utzitako aztarna aromatiko naturalaz, baizik eta hori enmaskaratzeko botatzen diren produktu kimikoek utzitako lurrinaz. Frescor del Pacífico irakur zitekeen flasko batean. «Ozeano Bareko usain naturala Forun!» egin nuen neure kautarako.
Bihar Hispanitatearen Eguna ospatuko da. Legionarioen (eta ahuntzen) parafernalia izerdituak arraza baten harrokeriz beteko ditu behinolako inperioaren nostalgikoen surtziloak. Dia de la Raza ere deitzen zaion eguna kiratsaren eguna izenda zitekeen; izan ere, espainiarrak amerikara heltzean hain zen jasanezina aldean zeramaten hatsa, ezen aztekek intsentsua erretzen zuten ingurua fumigatzeko eta konkistatzaileei zerien kisatsa disimulatzeko. Elizak ere erretxina bera erabiltzen du jainkoaren misterioa transmitzeko, haren odola eta gorputza ogi eta ardo bihurtzeko zeremonian. Halako trantze usaintsuan murgilduta dena sinistu liteke.
Bestelako «konkistetan» arrakasta izateko asmoz, sexuaren giza feromonak sintetizatu dituzte laborategietan. Feromonak gorputzak botatzen dituen substantzia kimiko naturalak dira. Itxuraz, ez dute usainik, baina usaimenaren bidez bestearengan erreakzioak eragiteko gai dira. Beraz, perfume horrek usaimen-gehigarri kosmetiko gisa funtzionatzen du. Flis flis, eta konkista ziurtatuta.
Usaimena memoriarekin lotuagoa dagoen zentzumena ei da. Usaimenak lekuak eta oroitzapenak ekartzen dizkigu gogora, hainbat usainen bidez. Baditugu bakoitzak gure memorian usaimenarekin lotutako bizipenak. Nik, adibidez, Ondarruko portuko arrain ustelduarena; itsasoko haizeak dakarren kresal usainarena; itsasontziak iragazgaizteko kalipotarena… Herri bateko kulturaren usaina, batzuentzat jasanezin bihurtu da. Laster landa eremuak kolonizatzen ari diren urbanitek debekatu egingo dute inguruko larreak simaurrez gobernatzea. Ba, flis flis bota dezatela.
Flis flis, usain naturala?