Ustez 'publikoa' dena
Eguen honetan, apirilak 22, zerbitzu publikoetan greba deitu dute zenbait sindikatuk. Ikasleoi ere ez zaigu arrazoirik falta mobilizazio propioak egin eta hezkuntza publikoaren egoerari kritikotasunez begiratzeko. Hasteko, esango dut hezkuntza publikoa dela, printzipioz, hezkuntzara sarbide unibertsala izatea bermatu dezakeen eredua. Hala ere, gaur egungo hezkuntza publikoa unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa den eredutik nahiko urrun ikusten dut.
Sarritan azpimarratu izan dugu krisi ekonomiko batean gaudela, pandemia bukatuta ere iraungo duena, langileriaren bizi baldintzak gero eta latzagoak bihurtuz. Gero eta zabalagoa da langileriaren baitako kapa proletarizatuena (ezegonkortasunera eta ziurgabetasunera kondenatua), eta hezkuntza publikoan bada joera bat etengabe kapa pobretuenetako pertsonak kanporatzea eragiten duena.
Adibide esanguratsu batzuk aipatzearren, klase partikularrak ia derrigortasun bat bihurtu dira ikasleontzat klaseko erritmora egokitu ahal izateko: ikasleen %44ak klase partikularrak behar ditu, eta hauen prezioak ez dira inolaz ere irisgarriak familia askorentzat. Bestetik, baliabide teknologikoak ere beharrezkoak bihurtu dira. Beraz, hezkuntza publikoan ikasketa-prozesua behar bezala jarraitu ahal izateko doakoak izatetik oso urrun dauden baliabideak behar ditugu. Zeresanik ez, doakoak izan gabe jarraitzen duten ikas-material eta garraioaz. Hezkuntza publikoan ikasle baten bataz besteko gastuak, urtean 664€koak dira.
Honen eraginak gogor kolpatzen du langile-klasea, izan ere, gaitasun ekonomikorik ez duten familietako seme-alabak dira, batik bat, eskola uzte goiztiarra izaten dutenak: ikasketen gastuei aurre egin ezin dietelako, 16 urterekin soldatapeko lanari ekin behar diotelako… Eskola uztearen tasa %16koa da egun.
Beraz, hezkuntzaren gaineko langileon kontrola aldarrikatzen dugu, langile klase osoaren hezkuntzarako sarbidea bermatzeko modu bakarra horixe delako. Hezkuntzak guztiontzat izan behar du, eta baita guztiz doakoa ere. Kalitatea bermatu behar du, eta hau, ez da PISAn emaitza onak lortzea: jasaten dugun autoritarismoarekin bukatzea eskatzen du, besteak beste.
Eguenean, beraz, ikasleok ere mobilizatu egingo gara, langile klasearen hezkuntzarako sarbidearen defentsan. Ortzimuga argi izanik: langileon kontrolpeko hezkuntza, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala. 11:00etan Itxasaurre plazan (Ondarru) elkartuko gara. Etorri zaitez zu ere, ikasle izan edo ez. Antolakuntza delako bide bakarra.
- Maren Ibaibarriaga, Ikasle Abertzaleetako kidea