Xabier Txakartegi geugan dago
Aita joan da. Garagarril hasieran minbizia topau eutsien buruan. Ezusteko ederra izan zan. Ederra, zentzunik txarrenean. Zeozeren hasierea zalakoan, amaierea ikusi genduan begien aurrean. Aitaren bizitzearen amaierea. Gogorra izan zan inguruko guztiontzat. Zazpi hilabete izan dira, eta emozino asko be bai: atsekabea, samina, mina…
Baina poza be bai. Une polit asko bizi izan ditugu. Esate baterako, urrezko ezteiak ospatu genduzan. Aitak nahi eban moduan, familia osoa alkartuta. Etxean, gaisotasunaren gogortasunean be, une polit asko bizi izan ditugu. Eta geuk bera zaintzeko aukerea euki dogu. Kalean, hasierako une latzei aurre egin eta gero oso gustura ibili da, eta herritar asko eta askoren maitasuna jaso dau.
Aita bera, bizitza osoan lez, arduratsu baina baikor agertu da. Egokitzeko ahalmen ikaragarria erakutsi dau. Beti lez, ama hortxe daukala. Azken egunotan be, begiradea aldatzen eban amarena aurrean eukan bakotxean. Baina iragarrita egoan eta heldu zan azken eguna. Zezeilaren 5ean joan jakun aita, iluntzean. Bake-baketan hartu eban azken arnasea.
Emoten dau zain egon zala ama eta lau seme-alabok batzeko. Bostok alkartu ginanean joan zan. Pozik. Zelan egoan itaunduta, horixe erantzun eban aurreratxuago, pozik egoala. Arduratuta egon zala, baina pozik egoala. Ama eta lau seme-alabok be trankil eta pozik geratu ginan, bera lez. Txarrean, dana joan da ondo, ezin hobeto. Orain, aita geugan dago. Familia osoagan. Baina, baita herri osoagan be.
Eskerrak bihotzez, aitari hain agur ederra egiten parte hartu dozuen guztioi: kultur, kirol, gizarte eta politika eragileoi, erakundeoi eta herritarroi. Batez be Lekeitioko Udalari eta herriari, herritar bakotxari, erakutsi deutsazuen maitasunagaitik. Aita poz-pozik egongo da. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Txakartegi-Laka familiaren izenean.
Asier Txakartegi Laka