Z(g)uretzako haizea
Haizeak beti ikaratu izan nau. Txikerra nintzanean, bere txistua nire logelan sartzen zan udako gauetan; txakurren belarriak altxau ohi dituan S itxurako izaki likido ikustezin horrek izaren pean izkutatzera eroaten ninduan, zeharo bildurtuta. Ze, sarritan, alertea, hau da, hauskorra besteko imajinarioa dan seinale hori, bildurra bera baino txarragoa izaten da. Txistu ha, izan be, gauez baino ez zan agertzen, iluntasunak dan-dana justifiketan dabelako: orduantxe hasten zan nire kontzertu partikularra. Airea zuhaixken artetik iragazten zan, nire gelako leihoa sendo jipoitzen eban, etxe-kantoiak borobiltzen zituan eta aparkauta egozan kotxeen kontra talka egin. Nire logela barruan babesturik sentitzen nintzan, ze, danok soberan dakigun lez, izaren azpian gauza onak baino ez dira pasetan. Baina, dana dala, nire garunarentzat, txistu-hots ha beti izan da mehatxu bat, nire gotorlekutik egundo ez aldentzeko. Eta, ez, ez dot egundo egin.
Baina, azken asteotan, ene herrian, haizeak bestelako zaratea dauka. Kolpatzen dituana ez dira zuhaitzak edo zorua: murruak dira, hormak, kamioiak, batuta dagozan toldoak, esan bako berbak, enkistauriko minak. Orain, aurreko etxebizitzako agurearen leihoa joten dau, honezkero, ezer pasetan ez dala uste dabena, bizitzea ez dala mobitzen pentsetan dabena eta sentitzen dabena haizearen zarateak apurka-apurka husten doan etxearen isiltasuna apurtzen dauala. Zabu bat lez, albo batera eta bestera astintzen dau bere aitaren eskua estu-estu oratzen daben neskatilea, ze esku hori da, zinez, babesa emoten deutson munduko leku bakarra. Hankaz gora ipinten deutso orrazkerea bere ulea harrotuta ikusten daben eta, halanda be, eroaten isten danaren desesperazino gozoz dabilen gazteari, ze egunez egun, bere barreneko sendotasuna geroz eta gehiago istutuaz dator, eta hori geldituko dabenik ez dago.
Haizea tentuz begira daukat, alkar entzutea lortzen ez daben pertsonen barre algaren ozentasunetik. Baita edozein atxaki bide hartuta astiro-astiro alkarrengana hurreratzen dagozanen lotsearen isiltasunetik be. Hemen, haizea, daborduko, ez da mehatxu edo alerta bat. Sonetan dabena ez da txistu arrotz bat: saiakera bat da, bulkada bat, aukera bat. Mario Benedetti maisuak be esan eban behinola: gustuko dot haizea. Ez dakit zer dala-ta, baina haizez kontra oinez nabilenean, gauzak ezabatzen deustazala dirudi. Bestela esanda: ezabatu gura dodazan gauzak. Bere kontra oinez ibilten ikasten hasia nago eta berak ni leku egokian koloketeaz ohitzen, hots, beti okupetan ez dodan eta kargutzen ez nazen leku horretan. Haizez kontrara, beti; pausoak astun, sarri. Eta begiratu egiten zaitut. Eta zugan pentsetan dot.
Eta, jakina, gustauko jatan zu eskutik oratzea, eta eraikin altuek nahiz izara leunek babestuko ez gaituen kale batera urtetea, inoz begiratu ez deutsuen lez begiratzea, belarrira esatea —irrifarre artean— ze ondo egiten zabizen, zutaz ze harro nagoan, ze polita egiten daben zure presentziak gaur haizez jantziriko kale hau; edo, osterantzean, partikeretatik bapatean itzaltzen hasiko diran zigarretak atara eta zure gorputza ipar-haizeari bete-betean begira ipini. Babesten gaituan haize horren aurrean, hor barrenean daukazun hainbesterainoko mina garbitzeko, orbainak eta zolitu bako oinazea ezabatzeko, ha arnastu daizun eta espasmoak desegin dagizan, amesgaiztoak zein bildurrak urrun eroateko eta bere aurrean, holan, zaren lez, hegaz geratzeko, orain arte begiak miazkau deutsuzan haizeteari zaunka egiten deutsagun bitartean.
Ze, bildurra honezkero ez da existitzen. Mehatxuak han kanpoan geratu ziran. Zu eta ipar-haizea baino ez zagozie, eta biak biluzik. Babesean.