Zorionak Ondarru, TXIRRIMORRASKI zuenean 35 urtez izan duzuelako!
Urtero hartzen gaituzte goxo Kiroldegian gabonetan eskaintzen dugun saioan. Urtero arduratzen dira dena ongi eta fin joan dadin. Lanean serio… alai eta jolasti!
Gure hizkuntzarentzat eta herriarentzat garai zailetan jaioa, oraingoak ere munduko handimandien globalizazio zanpatzaile basatia medio ez dira errazagoak; Euskal Herria beti izokinen antzera, korrontearen eta oztopoen kontra igerian, saltoka eta hegan. Eta horrek ematen digu gu bezala txikiak edo ertzekoak direnekiko enpatia. Eta urte guztiotan Txirrimorraski ari eta ari, belaunaldi askoren lokarri; euskara, kultura, jolasa, natura, algara, ardura, hezkidetza… ilusioz eta bolondres, Ondarrutik mundura!
Eta elkarrekin, tertulia goxoan, bizitutako abenturak eta balioak partekatzera Ondarruratu garenean, altxorraren kutxatxo bat jaso dugu bueltan koloretako pultseraz betea, ospitalean diren haurrentzat mimoz eta kariñoz eginak.
Datorrena datorrela, datozela beste 35 urte emankor, beste hamaika abentura liluragarri eta beste hainbat belaunaldi zoragarri!
Mila muxu goxo, eskerrik asko eta zorionak zuri Txirrimorraski eta batez ere… zorionak zuri Ondarru, horrelako gazte talde, haur, familia eta komunitate ederra herrian izateagatik!
Nahi duzuen arte…
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo sudurgorriak