Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

HITZAk harpidetzak sendotzen jarraitzeko apustua egin du

Proiektua babesteko beste aukera bat eskainiko du HITZAkidek. Urtean 77 euro ordaindu behar dira harpidedun izateko. Hainbat abantaila eskaintzen ditu.

Herritik eta herritarrentzat sortu zen 2003. urteko udazkenean Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza. Urtez urte, harpidedun direnen laguntzari esker biziraun du. Ibilbide oparoa bete du egunkariaren bidelagun direnekin. Eta aurrerantzean ere, horien babesari esker jarraituko du lanean.

Urteroko kuota ordainduta, astean lau egunetan egunkaria etxean, lantokian edota euren negozioetan jasotzen dute harpidedunek. Alabaina, informazioa ezeze, beste hainbat gauza ere eskaintzen zaizkie harpidetzari esker. Esate baterako, aldiro-aldiro askotariko zozketak egiten ditu harpidedun direnen artean. Gainera, turismo edota arraun gidak, urtekaria, egutegiak… banatzen zaizkie.

Banaketa zerbitzua Etxeraino enpresak kudeatzen du. Biztanle gehien dituzten udalerrietan bertako banatzaileek uzten dituzte egunkariak postontzietan, eta herri txikietan, aldiz, okinek egiten dute banaketa lana.

Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatuta, azken urteotan posta elektronikoz egunkaria PDF formatuan jasotzeko aukera ere eskaini du. Harpidedunek urtean 77 euro ordaintzen dituzte.

Harpidetza nola egin. Erraztasuna eman asmoz, harpidetza bi modutara egin daiteke. Batetik, Markina-Xemeingo erredakzioko telefono zenbaki honetara deituta: 94-684 44 36, eta bestetik, Internetez eskaera eginda, webgunean.

Gaur egun, 3.000 harpidedun ditu Hitzak. Internetek eta sare sozialek indarra hartzeak, paperaren gainbehera ekarri du azken urteotan. Joera horren aurrean, baina, tokiko euskarazko hedabideak harpidetzak sendotzeko apustu irmoa dauka. Kontsumo ohiturak aldatu diren arren, asko eta asko dira gaur gaurkoz papereko xarma maitatu, eta bere aldeko hautua egiten jarraitzen dutenak.

Berritasuna. Hamarkada eta erdiko ibilbidean berritasunak eskaintzeko erronka beregain hartu, eta garaian garaira egokitutako zerbitzua eman du Lea-Artibai eskualdeko eta Mutrikuko egunkariak.

Hala, bide horretan beste pauso bat ematear da. HITZAkide profila gehituko zaio laster, proiektuaren babesle egin nahi dutenei beste aukera bat eskainiz. HITZAkide egiteko urtean 50 euro ordaindu beharko dira.
Harpidedun direnek webgunea nolanahi edo nahieran erabiltzeko aukera edukiko dute. Hau da, harpidedun izatea izango da Hitza proiektua osotasunean babesteko modua.