Azpiegiturak konpondu eta hobetzeko hiru miloi euro inbertituko ditu Udalak
Gaur onartu du Ondarroako udalak 18 miloi pasako aurrekontua; azpiegituretan hiru miloiko inbertsioa egingo dute. Udalak gastu sozialean egindako inbertsioa nabarmendu nahi izan du.
Gaur goizean onartu zuen Udalak, 18.833.640 euroko aurrekontua 2011. urterako. Gastu funtzionaletara 8.793.125 euro zuzenduko dituzte, eta gastuen artean, pisu gehien azpiegituren atalak edukiko du, 2.610.190 euro zuzenduko baitira hiri-bide eta irisgarritasuna hobetzeko atalera. Azpiegiturek aurrekontuaren %23,07 suposatzen dute. Atal horretan, hiri-bideak, kaleak, aparkalekuak, pasealekuak, lurrak erostea eta instalazio publikoetan egindako inbertsioak hartzen dituzte kontuan.
Udalak gastu soziala deitzen duen ataleko inbertsioa ere nabarmendu nahi izan du. Atal honetan, kultura, hezkuntza, gizarte laguntza, adinekoentzako eta elbarrituentzako arreta, ingurumena, lana, kirola, gazteria, euskara, liburutegia, kontsumoa, garapenerako laguntza, berdintasuna, merkataritza, turismoa eta hondartzak sartzen dituzte. Atal honetan egingo den gastu aipagarriena gizarte laguntzara eta hirugarren adinekoen egoitzara zuzendutako diru kopurua izan da: 1.563.555 euro.
Gainera, Lea-Artibaiko Amankomunazgoko zerbitzuen finantziaziorako 782.000 euro erabiliko dituzte; kiroldegiko zerbitzuetarako, 703.790 euro; babes zerbitzuetarako eta udaltzaingoarentzat, 538.460 euro; administrazio zerbitzuetara eta bulego orokorretara, 642.690 euro; hiriko garbiketa zerbitzura, 511.865 euro; hirigintza eta arkitektura zerbitzuetara, 613.425 euro; musika eskolako zerbitzura, 419.370 euro eta kultur ekintza eta zerbitzuetara, 407.780 euro.
Aurrekontua osatuz
Udalak bi zati nagusitan banatu du 2011erako aurrekontua: alde batetik, orain arte aitatutako gastu funtzionalak bere baitan hartzen dituen Udal Administrazio Orokorrera zuzendutako 11.311.645 euroak daude, eta beste alde batetik, Ondarroa Lantzen Udal Elkartera bideratutako 7.906895 euroak. Aitatutako kantitateek aurrekontuaren %60 eta %40 suposatzen dute, hurrenez hurren.
Ondarroa Lantzen Elkarteari zuzendutako “diru gehiena” babes publikoko etxebizitzetarako erabilia izango dela adierazi du Udalak ohar bidez.
Gainera, 2010ean babes ofizialeko 36 Etxebizitza saldu ostean, 2011n tasatutako 36 udal etxebizitza salduko direla gaineratu dute. “81 eta 86 metro koadroko etxebizitzak, garaje eta trastelekuagaz, bataz beste, 186.867 eurotan salduko dira eskakizun denak betetzen dituztenen artean zozketa”.