Elkarrekintza bideratu nahi dute webgune barriagaz
Bizkaiko Foru Aldundiaren BiskayTIK proiektuaren baitan gauzatu dute herriko atariaren berritzea. Herritarren eta administrazioaren arteko tartea gutxitu nahi dute. Itxura guztiz berritu diote eta atalberriak izango dituela iragarri dute. Gainera, administrazio-izapideak on-line egin hala izango dira laster.
Ziortza-Bolibarrek webgune barria dauka. Herritarren eta administrazioaren arteko elkarrekintza sortu eta erraztu nahi dute interneteko gune barriaren bitartez.
Domeinu bera duen gunea (ziortza-bolibar.com) Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK proiektuaren baitan gauzatu dute. Hura egitean, udalaren helburu nagusienetakoa interakzioa sortzea zen. «Orain arte genuen webgunea informazioa eskuratzeko baliagarria zen, baina norabide baten bakarrik funtzionatzen zuen; hau da, administraziotik herritarrengana. Orain zentzu bietan izango da erabilgarria», esan du Jose Azpiazu alkateak. BiskayTIK proiektuaren helburuetako bat, gainera, administrazioa herritarrei hurbiltzea da. Herriko webgune barriak bete-betean beteko du helburu hori: «Udaleko eta herriko informazioa zabalduko dugu albisteak atalean, eta laster administrazio-izapideak on-line egiteko aukera edukiko dute herritarrek».
Atalak gehitu
Aurreko webgunearen eduki-atalak mantendu egin dituzte proiektu barrian. Baina, etorkizunean, atalak gehituz joateko asmoa dutela jakinarazi dute.
Eduki atalak mantendu arren, itxura goitik behera aldatu diote herriko atariari. «Hasiera bat besterik ez da orain ikus daitekeena. Pausu gehiago emongo ditugu herriko informazioa herritarrei helarazteko; bai berton bizi direnei bai kanpoan daudenei ere», azaldu du alkateak. «Gainera, gure herria munduan kokatzeko balio duen tresna izango da».