Gurutze Gorria egun osoz zerbitzu barik laga zuen asteleheneko suak
Alboko kalte larriak eragin ditu pasa den astelehen goizean Ondarroako portuan desegiten dabiltzan Gure Reinare itsasontzian piztutako suak. Zauriturik ez zuen eragin, eta ordu eta erdian amatatu egin zuten suhiltzaileek, baina Ertzaintzak ezagutzera e...
Alboko kalte larriak eragin ditu pasa den astelehen goizean Ondarroako portuan desegiten dabiltzan Gure Reinare itsasontzian piztutako suak. Zauriturik ez zuen eragin, eta ordu eta erdian amatatu egin zuten suhiltzaileek, baina Ertzaintzak ezagutzera emondako datu horiez gain, beste hainbat kalte ekarri zituen suak eta bertatik isuritako keak.
Anbulantzia barik egun osoz
Gurutze Gorriaren postua sua gertatu zen inguruan bertan dago, Repsolen erregai biltegien modura. Sute horren ondorioz anbulantzia zerbitzu barik egon zen Ondarroa astelehen iluntzeko 19:00ak arte, eta itsasoko salbamendu barik eguerdira arte.
Gainera, Gurutze Gorrian une hartako txandan zeuden beharginei ez zieten abisurik ere emon sua piztu zenean: «barruan zeuden lotan, baina inork ez zien abisatu, harik eta suhiltzaileak etorri ziren arte», salatu dute.
Gainera, isuri zen keak gai oso kutsagarriak zeuzkan, tartean itsasontziko hozkailuetako poliuretanoak hartu zuelako sua. Beraz, Gurutze Gorriak postu horretako zein anbulantzietako elementu guztien desinfekzioa egin behar izan zuen berehala, eta hainbat material bota eta berriak ipini.
Gainera, Gurutze Gorriko kideek gogora ekarri dutenez, ez da lehenengo bider desegiten dauden ontzi batek sua hartzen duela. «Ezbehar oso larria» izan zitekeela ohartarazi dute. Bizkaiko Gurutze Gorriaren zuzendaritzari igorri diote gertaeraren txostena, dagozkion neurriak eska ditzan.