Anaiartean biltzeko hamaika aukera
Gimnasia eta erlajazio ikastaroa, bidaiak Costa Bravara eta Parisera, abesbatzeko entseguak, Berdel Egunerako lanak, bingoa; hitzaldi, bazkari eta omenaldiak; Mutrikuko erretiratuek ez dakite zer den aspertzea. Martxoaren 17an daukate urteko batzar nagusia. ERREPORTAIA Gutunak azaletan sartzen dihardute. «Urteko batzar nagusirako deialdia da», diote Juan Larreina Anaiarte Biltokiko lehendakariak eta Mari Pili Garagarzak, gutunak ordenatu bitartean. Zorion agurren gutunak ere hor darabiltzate esku artean: «600 bazkide inguru ditu Anaiarte erretiratuen elkarteak, eta guztiei bidaltzen zaie zorion agurra beraien urte egunean; norbait hiltzen denean dolumin mezua ere hor izaten da, baita ezkondu zireneko 50. urtemuga duten bazkideentzako zorion mezuak ere». Beste zeregin batzuen artean detaileak zaintzea ere garrantzitsua dela badakite: «Jendeak holako gauzak asko eskertzen ditu». Eta, administrari eta postari lanak alde batera laga gabe ematen dute biek, Larreinak eta Garagarzak, Biltokiaren gaur egungo martxaren berri. «Urteko kuota paperak bete eta plastifikatu behar ditugu baita», dio Garagarzak, fitxa mordoa esku artean duela. Batzar nagusia, hilaren 17an Anaiarte Biltokian bertan egingo dute urteko batzar nagusia, martxoaren 17an, ostegunez, 17:30ean. Ekitaldiaren balantze ekonomikoa aurkeztuko dute bertan, eta biltokiaren presidentearen aukeraketa ere egingo dute. «Ia jende berria aurkezten den ardura hori hartzeko», dio hainbat urtez lehendakari den Juan Larreinak. Datorren astelehenera arteko epea dago bazkideentzako [...]
Gimnasia eta erlajazio ikastaroa, bidaiak Costa Bravara eta Parisera, abesbatzeko entseguak, Berdel Egunerako lanak, bingoa; hitzaldi, bazkari eta omenaldiak; Mutrikuko erretiratuek ez dakite zer den aspertzea. Martxoaren 17an daukate urteko batzar nagusia.
ERREPORTAIA
Gutunak azaletan sartzen dihardute. «Urteko batzar nagusirako deialdia da», diote Juan Larreina Anaiarte Biltokiko lehendakariak eta Mari Pili Garagarzak, gutunak ordenatu bitartean. Zorion agurren gutunak ere hor darabiltzate esku artean: «600 bazkide inguru ditu Anaiarte erretiratuen elkarteak, eta guztiei bidaltzen zaie zorion agurra beraien urte egunean; norbait hiltzen denean dolumin mezua ere hor izaten da, baita ezkondu zireneko 50. urtemuga duten bazkideentzako zorion mezuak ere». Beste zeregin batzuen artean detaileak zaintzea ere garrantzitsua dela badakite: «Jendeak holako gauzak asko eskertzen ditu».
Eta, administrari eta postari lanak alde batera laga gabe ematen dute biek, Larreinak eta Garagarzak, Biltokiaren gaur egungo martxaren berri. «Urteko kuota paperak bete eta plastifikatu behar ditugu baita», dio Garagarzak, fitxa mordoa esku artean duela.
Batzar nagusia, hilaren 17an
Anaiarte Biltokian bertan egingo dute urteko batzar nagusia, martxoaren 17an, ostegunez, 17:30ean. Ekitaldiaren balantze ekonomikoa aurkeztuko dute bertan, eta biltokiaren presidentearen aukeraketa ere egingo dute.
«Ia jende berria aurkezten den ardura hori hartzeko», dio hainbat urtez lehendakari den Juan Larreinak. Datorren astelehenera arteko epea dago bazkideentzako lehendakaritzarako hautagai modura izena emateko.
Dinamika aberatsa
Urtean lau edo bost irteera egiten dituzte Anaiarteko kideek, egun batekoak. Eta bidaia luzeagoak ere antolatzen dituzte. Aurten, Costa Bravara doaz ekainaren 8tik 22ra. Eta irailean Parisera, hilaren 19tik 25era. «Jadanik irekita dago Pariseko bidaiarako izena emateko epea; zazpi egun izango dira, eta prezioa 689 eurokoa izango da, autobusa, gida eta hotela barne», azaldu dute.
Urteko bazkaria, berriz, apirilaren 17an egingo dute. Ez dira faltako egun horretan bazkide zaharrenei egindako omenaldia ezta hildako bazkideen meza ere.
Ikasteko ere ez dago adin txarrik, eta horregatik Anaiartekoek zazpi urte daramatzate jada gimnasia, erlaxazio eta memoria lantzeko ikastaroa eskaintzen. Urtarriletik maiatzera eta urritik abendura da aurtengoa ere, eta kuota hiru hilabeteka ordaintzen da. Ia 30 lagun ibili ohi dira ikastaro horietan. Ez da marka txarra.
Bariku eta zapatuetako kina jokoa edo bingoa izaten da Anaiarteren beste bilgune arrakastatsu bat. «Topera betetzen zaigu lokala eta txiki geratuta daukagu».
Goiko lokala, bukatzen
Anaiarte Biltokiaren gaineko solairuaren erdia eraberritzen ia bukatu du Udalak. «Hor egingo dira ikastaro eta hitzaldiak aurrerantzean. Eta asmoa daukagu podologo eta ileapaintzaile zerbitzuak eskaintzen hasteko ere». Nagusiak ez daude geldirik egoteko, ez horixe.