‘Sagarren denbora’ dokumentala dakar Zine Forum Taldeak
Mutrikuko Zine Forum taldeak antolatuta, barikuan, 22:15ean, Zabiel kultur etxean Sagarren denbora film dokumentala eskainiko dute. Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutako lanak Alfonso Etxegarai Sao Tome uhartean 25 urte deportatuta daraman bizkaitarraren eta Kristiane Etxaluz zuberotarraren arteko maitasun istorioa kontatzen du. Mutrikuko emanaldia aurkezten egongo da Txaber Larreategi; Irigarai deportatu zuten urtean, 1986an, jaiotako zuzendari bilbotar-natxituarra. ELKARRIZKETA TXABER LARREATEGIREKIN Zerk eraman zintuzten Sagarren denbora pelikula egitera? Aurretik Josu Martinezek Itsasoaren alaba egin zuen; GALek hildako gizon baten alabaren historia. Publikoaren aldetik jarrera oso ona izan zen; jakiteko gogoa zegoen horrelako gaien inguruan. Deserriari buruz eta kartzelari buruz beste bi ikus-entzunezko lan egitea pentsatu genuen. Eta horrela sortu ziren Sagarren denbora, eta geroago Debekatua dago oroitzea. Deportazioaren testigantza jaso duzue. Ahaztua dagoen atal bat da? Oso tarte jakin baten eta inpunitate osoz egin ziren euskal herritarren deportazioak. Irtenbide barik jarraitzen duen gaia da, eta deportatuak urrun daudenez, ahaztu ere egiten dira. Ez genuen nahi, 36ko gerrako kontuekin gertatu den modura, 70 urte pasatzea hau kontatzeko. Lekukotza biziak jaso nahi izan ditugu. Pelikularen haria zelan egin duzue? Etxegarai eta Etxaluzekin egindako elkarrizketek ematen dute haria. Euren kontakizuna, euren istorioa agertzen da. 25 urteko maitasun istorioa, muga guztiak gaindituz. Etxaluz hiru hilabete [...]
Mutrikuko Zine Forum taldeak antolatuta, barikuan, 22:15ean, Zabiel kultur etxean Sagarren denbora film dokumentala eskainiko dute. Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutako lanak Alfonso Etxegarai Sao Tome uhartean 25 urte deportatuta daraman bizkaitarraren eta Kristiane Etxaluz zuberotarraren arteko maitasun istorioa kontatzen du.
Mutrikuko emanaldia aurkezten egongo da Txaber Larreategi; Irigarai deportatu zuten urtean, 1986an, jaiotako zuzendari bilbotar-natxituarra.
ELKARRIZKETA TXABER LARREATEGIREKIN
Zerk eraman zintuzten Sagarren denbora pelikula egitera?
Aurretik Josu Martinezek Itsasoaren alaba egin zuen; GALek hildako gizon baten alabaren historia. Publikoaren aldetik jarrera oso ona izan zen; jakiteko gogoa zegoen horrelako gaien inguruan. Deserriari buruz eta kartzelari buruz beste bi ikus-entzunezko lan egitea pentsatu genuen. Eta horrela sortu ziren Sagarren denbora, eta geroago Debekatua dago oroitzea.
Deportazioaren testigantza jaso duzue. Ahaztua dagoen atal bat da?
Oso tarte jakin baten eta inpunitate osoz egin ziren euskal herritarren deportazioak. Irtenbide barik jarraitzen duen gaia da, eta deportatuak urrun daudenez, ahaztu ere egiten dira. Ez genuen nahi, 36ko gerrako kontuekin gertatu den modura, 70 urte pasatzea hau kontatzeko. Lekukotza biziak jaso nahi izan ditugu.
Pelikularen haria zelan egin duzue?
Etxegarai eta Etxaluzekin egindako elkarrizketek ematen dute haria. Euren kontakizuna, euren istorioa agertzen da. 25 urteko maitasun istorioa, muga guztiak gaindituz. Etxaluz hiru hilabete Sao Tomen egoten da, beste hiru hemen, edo sei eta sei…
Zelako aztarna laga dizuete?
Dokumentala egiteaz gain, pertsona modura ere aberastu gaitu beraiek ezagutzeak: muturreko egoera bati zelan egiten dioten aurre, duintasunez, maitasunez, gozotasun eta indarrez.
Zelan kudeatu duzue lan hau?
GITE-IPES elkartea arduratu da ekoizpen gastuez eta geroko zabalkundean ere badihardu.
Proiektu berririk baduzue buruan?
Bai, baina oraindik hortxe, buruan bakarrik.