‘Akaziaren jokoa’, Afrika antzeztuz
Bihar, barikua Ondarroako Kafe Antzokian, 20:00etan hasita, doan, Bizkaiko Medicus Mundi-k antolatuta, malariaren inguruko sentsibilizazio kanpainarako sortutako antzerki, musika eta dantza saioa egongo da. Urtean munduan milioi bat pertsona hiltzen di...
Bihar, barikua Ondarroako Kafe Antzokian, 20:00etan hasita, doan, Bizkaiko Medicus Mundi-k antolatuta, malariaren inguruko sentsibilizazio kanpainarako sortutako antzerki, musika eta dantza saioa egongo da. Urtean munduan milioi bat pertsona hiltzen dira malariak jota. Berez sendabidea badaukan gaixotasuna izan arren, herrialde pobretuetako biztanleria astintzen du urtero, batik bat haurdun dauden emakumeak eta 5 urtetik beherako umeak eroanaz.
Medicus Mundi elkarteak mundu mailan dihardu Stop Malaria Now! leloagaz gai honekiko sentsibilitatea lantzen. Euskal Herriaren kasuan, antzerkia, musika eta dantza batzen dituen Akaziaren Jokoa obraren bitartez dihardute lan hori egiten. Bariku honetan Ondarroan egongo da ikusteko aukera, Kafe Antzokian, 20:00etan, doan.
Gogortasuna eta edertasuna
Biak islatu dituzte antzezlanean Gasteizko Abstractoesfera taldekoek eta Djeliá Taamá Musoó Afrika eta Euskal Herriko emakumeen kultura arteko elkarteko kideek. Saharaz azpiko Afrikako herrialdeetako eguneroko bizimodua agertuko da taula gainean, «ederra eta gogorra aldi berean», antzerki taldeko kideek azaldu dutenez. «Ikusleei Saharaz azpiko biztanleenganako enpatia sortzea, eta era berean pobreziak eta malariaren zigor latzak dakartzan ondorioak erakustea» dira antzezlanaren helburuak.