Ibilgailuek itxita edukiko dute alde zaharra, gitxienez, martxora arte
Nasa kaleko etxebizitzen konponketak eraginda, gitxienez bederatzi hilabetean egongo da alde zaharra ibilgailuei itxita. Tarte horretan, larrialdi zerbitzuek, Herri Busak eta ikastetxeetako autobusek baino ez dute edukiko Nasa kalea zeharkatzerik. Na...
Nasa kaleko etxebizitzen konponketak eraginda, gitxienez bederatzi hilabetean egongo da alde zaharra ibilgailuei itxita. Tarte horretan, larrialdi zerbitzuek, Herri Busak eta ikastetxeetako autobusek baino ez dute edukiko Nasa kalea zeharkatzerik.
Nasa kalea ez eze, Zubi Barritik aurrerako tartea be, Erribera kalea, itxita egongo da zirkulazioarentzat. Karga eta deskargakoei utziko zaie bakarrik sartzen, beti be behar horiek egiteko ezarritako ordutegian.
Konponketek iraun bitartean, gainera, Kafeatze pasealekuan autoa laga nahi dutenek kontrako norabidean gidatu beharko dute Kantoiperaino.
Aldamioak 13tik 19raino
Ekainetik hona etxebizitzetan katak egin eta gero, orain, kanpotik eutsiko dituzte Nasako etxebizitzak, burdinezko aldamioekin. Egitura aurreko espaloian egingo den enkofratuen gainean eutsiko dute. «Tunel baten antzerakoa geratuko da, eta fatxaden egonkortasuna ziurtatuko du», jakin eragin du Udaleko Hirigintza Sailak.
Dragados eta Viuda de Sainz enpresak eroango ditu aurrera lanak. Behar horrek amaitzen dituztenean hasiko dira etxebizitzak zein saltokiak barrutik konpontzen.
Hasiera batean, joan den martxoaren 1ean zen hastekoa 2007 urtean Artibaiko moilaren zabalpenak Nasa kalean eragindako kalteen konponketa.