Marihuana saila desegin eta bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Errenterian
43 eta 47 urteko gizonezkoak atxilotu zituen joan den barikuan Ertzaintzak Errenterian, marihuana landatu eta edukitzeagatik. 11:30ak ziren zabortegi baten ondotik pasatzen ari zen patruila bateko agenteek marihuana usaina hartu zutenean. Agenteak zabo...
43 eta 47 urteko gizonezkoak atxilotu zituen joan den barikuan Ertzaintzak Errenterian, marihuana landatu eta edukitzeagatik.
11:30ak ziren zabortegi baten ondotik pasatzen ari zen patruila bateko agenteek marihuana usaina hartu zutenean. Agenteak zabortegian sartu ziren, eta zabor artean, marihuana landareak atzeman zituzten. Bertan aurkitzen zen pertsona batek landareak bereak zirela aitortu zuen.
Mihaketekin jarraituta, inguruan txabola bat baino gehiago zegoela egiaztatu zuten ertzainek. Barruan landare gehiago aurkitu zituzten, bai eta haiek sikatzeko gailuak, pisuak eta sustantzia estupefazienteak zanpatzeko makina bat be. Horrez gain, aire konprimituko lau arma atzeman zituzten agenteek, pistola bi eta eskopeta bi, eta munizioa, kutxa batean gordeta. Bi hozkailuren barruan speed kilo bat topatu zuten, zanpatutako hainbat boltsetan, bai eta mahiruana landare kukuluak, izoztuta, eta 3.500 euro, 50 euroko billeteetan.
Toki berean, hamabost marihuana landare aurkitu ziren atoi batean. Haren jabea eta lursailean atzemandakoa atxilotuta eroan zituzten, osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta.
Herenegun goizean pasatu ziren atxilotuak epailearen aurretik. Epaiketa egin bitartean, aske geratu ziren.