Aulestiko zaldiek euren maila erakutsi dute Ispasterren
Kobaren zaldia izan da onena; Uriarte eta Martiartu hirugarren eta bosgarren gelditu dira, hurrenez hurren
Auslestiko hiru probalari izan dira Ispasterko probetan: Kobak irabazi ditu bai eskualdeko sari nagusia (120 euro) zein sailkapen nagusikoa (750 euro, manta eta txapela). Maider Uriarte hirugarren gelditu da, eta Juan Martiartu, bosgarren. Horrenbestez, aulestiarrek osatu dute eskualdeko sailkapeneko podioa.
Ispasterren ez da egon sorpresarik. Koba manta irabazteko faboritoen artean zegoen, eta ez zituen haren alde apustu egindakoak bertan behera utzi. Kobaren animaliak 79 untza egin zituen. «Inguruetan hobekien dabilen zaldia da. Bigarrena be ez da urrun ibili, baina haren parera ez da heltzen», azaldu dute Ispasterko udal ordezkariek.
Bigarren postuan Jabi Elordui berangoarra gelditu zen, 76 untza 1/4 eta 1,20 egin ostean. Aulestiko beste bi parte hartzaileek 75 untza eta 72 untza egin zituzten, hurrenez hurren.
Busturialdeko ordezkari bakar bat be izan zen Ispasterren: Bermeoko Mañu auzoko Erauzkin. Sailkapen nagusian laugarren postua eskuratu zuen, 72 untza 1/4 eta metro bat eginda.
Sari banaketa Jesus Lekerikabeaskoak (EAJ) eta Kirol zinegotzi Iñigo Larrinagak egin zuten