120 perretxiko desbardin jarri dituzte ikusgai Kontzijopean
Guztira, 120 perretxiko mota desbardin batu dituzte aurten Aittitta txikik antolatutako Lekeitioko XX. Mikologia Jardunaldietan parte hartu zuten zaleek. Egin duen denbora kontuan edukita, emaitza ona izan da antolatzaileentzat. Zapatuan joan ziren Lek...
Guztira, 120 perretxiko mota desbardin batu dituzte aurten Aittitta txikik antolatutako Lekeitioko XX. Mikologia Jardunaldietan parte hartu zuten zaleek. Egin duen denbora kontuan edukita, emaitza ona izan da antolatzaileentzat.
Zapatuan joan ziren Lekeitioko Aittitta txiki eta Zornotzako Mikologia Taldekoak perretxikoak batzera. 08:00etan irten eta 22:00etan amaitu zuten bilketa eta sailkapen lana. 700 metrotara aurkitu zituzten mota batzuk, eta erekondoetan beste multzo bat. «Artibai inguruan gutxi aurkitu genituen eta Gorbeialdera, Murgialdera eta Urkiolako pagadietara joan ginen bila», azaldu dute Aittitta txikiko kideek.
Batez be, romaniak, tricholomak, coprinusak, cortinariusak eta cantharelusak batu zituzten, bai eta marasmius, morchelva, lactarias eta lepiotak be. «Amanita caesariarik ez genuen aurkitu ez eta faloidesik be, baina amanita citrina eta muskaria batzuk bai», zehaztu dute.
Perretxiko horiek guztiak sailkatuta, erakusketa zabala jarri zuten domekan Kontzijopean eta, urtero legez, harrera bikaina izan zuen.